Momentua bizitzeko eta egungo abiadura moteltzeko gonbidapena egiten du bere bakarkako lehen lanean Garazi Esnaola Balerdik (Lizartza, 1992). Bihar bere herrian, Lizartzako elizan, arituko da, eta hilaren 30ean, berriz, Tolosako Topic-en.
Zer moduzko harrera izan du diskoak?
Egia esan, oso harrera beroa izan du, eta oso pozik nago jasotako erantzunarekin. Jendeak idatzi egin dit kantu desberdinen inguruan; esan didate bere egin dituztela eta gustura entzuten ari direla. Ezin naiz kexatu.
Piano-jotzaile gisa ezagutu zaitugu hainbat taldetan, baina nondik nora bakarkako diskoa ateratzeko hautua?
Orain arte egin ez badut, neurri batean, denbora faltagatik izan da. Edo batek daki, denbora faltarena aitzakia bezala erabili dut orain arte saltoa ez emateko. Kontua da, duela urtebete-edo, pixka bat lasaiago ibili nintzela eta urteetan idazten joandako melodia-zatiak eta ideia solteak ordenatzen hasi nintzela. Kantu horiek ixteko harra piztu zitzaidan, eta horretan aritu naiz azken urtebetean, behintzat. Hilabeteetako lanaren ostean, argia ikusi du lanak.
Nolakoa izaten da zure sormen-prozesua?
Egia da inprobisaziorako joera izan dudala betidanik, eta askotan aritzen naizela gauzak sortzen. Ez naiz horretarako propio esertzen, baina pianoa niretzat eremu terapeutikoa da, nolabait esateko. Lasai egoteko edo arnasa hartzeko beharra dudanean, askotan esertzen naiz pianoan, eta gauza berriak ateratzen saiatzen naiz. Zerbait txikia sortzen badut, mugikorreko notetan grabatzen dut, edo, hitz solte bat bada, koaderno batean idazten dut. Horrela joaten naiz pixkanaka sortzen. Lehenengo beti pianoa dago; gero etortzen dira ondorengo geruzak eta ahotsa. Konturatu nintzen grabazio horietako askotan ideia batzuk errepikatzen zirela, eta pentsatu nuen bazegoela hor zerbait, agian bazetozela kanturen batzuk.
Argi izan duzu hasieratik ahotsa ere presente egongo zela diskoan?
Hasieran, guztiz instrumentala izango zela pentsatu nuen, pianorako diskoa. Gero joan dira geruzak gehitzen. Gainera, azken prozesuan, Jokin Pinatxo bidelagun izan dut ekoizpenean. Beste proiektu batzuetan ni aritu natzaio langintza horretan, eta orain rolak aldatu ditugu. Elkarrekin hasi ginen pentsatzen kantu bakoitzari zer soinu eman, nola osatu, zer instrumentu sartu… Azken fasea, Eñaut Gaztañagarekin batera egin dugu eta haren Gaztain estudioan grabatu dugu, Zestoan. Aurretik maketatuta eta nahiko pentsatuta eraman ditugun ideiei forma eman diegu, eta soinu zehatza bilatzen aritu gara: pianoaren soinua, ahotsarena, mikrofonoak…
Doinu horiek eskatu dizkizute hitzak, ala alderantziz egin duzu lan?
Batzuetan, aurretik idatzita izaten ditut testuak, eta horietan oinarrituta sortzen dut doinua. Beste batzuetan, alderantziz egiten dut. Egia da doinua grabatu eta osatzen bukatu ondoren erabakitzen dudala idatzita ditudan hitzak sartuko ditudan ala ez.
Zer kontatu nahi izan duzu kantu hauekin?
Nik uste dut hausnartzailea izan dela disko hau. Zaila da nolabait azaltzea, baina gizarte honetan dagoen dinamika geldiezin horretan arnasa hartzeko parada bat eman nahi izan dut. Aldi berean, konturatzen naiz kanpora begira ari naizen arren, ni ere banaizela horren parte. Hor badago jolas bat: «Haiek eta gu» horretatik ere badu. Bi plano horietan sartu eta irten ibili naiz etengabe.
Zergatik aukeratu duzu 'Ez gaude hemen' kantua diskoari izena emateko?
Kantu honek laburbiltzen duelako diskoa, nolabait. Intro edo hasiera moduko bat da, eta uste dut ondo gordetzen duela diskoaren ideia nagusia. Biniloan idatzita agertzen den hasierako testutik abiatu zen dena, eta bazuen zentzua horrekin zabaltzeak. Askotan hemen gaudela uste dugu, baina ez gaude benetan hemen. Pantailen bidez konektatuta gaudela uste dugu, baina alderantzizkoa da: deskonektatuta gaude erabat. Kontraesan horien inguruan hitz egiten du diskoak. Etengabe gabiltza hemendik urtebetera izango ditugun oporrak planifikatzen edo hemendik urte eta erdirako sarrerak erosten, eta, gero, ez dakigu zehazki gaur non gauden edo zertan ari garen.
Bakarkako lana izan arren, akonpainatuta sentitu zaitugu diskoan.
Egia esan, hala sentitu naiz. Ez gaude hemen jarri diot izena, baina jende asko egon dela esan beharko genuke [barrez]. Musika munduko jendea gonbidatu dut, nire ibilbidean ezagutu dudana eta nire inguruan dagoena. Bakoitzari eskatu diot bere aletxoa jar dezan kanturen batean. Ohore bat izan da. Izarok koruak sartu ditu, baita Amaia Mirandak ere; nire ahizpa ere badago. Eñaut, Jokin… Gero, Janus Lesterreko haize-instrumentuak jotzen dituzten Andoni Arriola eta Julen Suarez ere badaude. Ilusioa egiten zidan haiek hor egoteak. Uste dut lehen lan honetan nire ibilbidearen isla ere badagoela.
Kantuen izenburuak hitzen arteko hutsunerik gabe idatzi dituzu, segidan. Zergatik?
Lehen aipatutako abiadura hori islatu nahi izan dudalako. Askotan ez diogu geure buruari tarterik ematen, ezta gauzak lasai irakurtzeko ere. Arrapaladan irakurtzeko joera dugu, dena bat-batean egiten dugu. Hori adierazi nahi nuen.
Zalaparta nagusi den garaian, zure diskoa patxadarako gonbita da?
Modu batera, bai. Ezin da itzuli kantuan, adibidez, zera diot: «Ezin da dena, dena ezin da itzuli bere horretan. Esan gabeek irauli arren, isilik diraute bueltan». Esaldi horri buelta asko eman nizkion, batez ere diskoko kantuei hitzak jarri edo ez erabakitzerakoan. Zalantzetako bat izan zen nola landu isiltasunaren ideia. Askotan, isiltasuna da geratzen den gauza bakarra, eta badira itzuli ezin diren gauzak. Ideia horren bueltan osatu nuen kantua. Diskoan parte hartu duten taldekide guztiak abesten jarri nituen kantu honetan, eta oraindik hunkitzen naiz abestiaren bukaera entzutean.
Esan izan duzu kantu bisualak sortu dituzula. Zer adierazi nahi duzu horrekin?
Nire musika nahiko bisuala dela esango nuke. Haltzak dardarka kantua, adibidez, irudi oso argi batetik sortu zen: Lizartzan, gurasoen etxe ondoan dauden haltzei begira idatzitakoa da. Haurtzaroari eta nostalgiari erreferentzia egiten dien kantua da.
Disko honetarako bi bideoklip ere egin dituzue.
Bai. Maitane Camposekin aritu naiz horretan. Diskoaren irudiaz eta arteaz arduratu da. Beste proiektu batzuetan ere bat egin izan dugu. Oso argi nuen haren begirada gustatzen zitzaidala. Harekin grabatu genuen Haltzak dardarka kantuaren bideoklipa, eta kantu hau erabili genuen diskoa zetorrela iragartzeko. Uste dut ondo adierazten duela nondik natorren.
'Behe-lainotan' da, agian, diskoko kanturik esperimentalena.
Bai, nahiko esperimentala da. Ametsen eremua da, nolabait. Hasieran, ez nuen gehiegi landu nahi izan, pianoari oso lotuta sentitzen nuelako eta kantu askok organikoak izan behar zutela uste nuelako. Baina elektronikaren mundua pianoaren soinuekin nahastu eta asko gozatu nuen kantu hau eraikitzen. Ekoizpenean ordu asko sartu genituen Jokinek eta biok, eta benetan disfrutatu genuen. Doinua nahiko klasikoa izan daiteke, kantu zahar baten doinua ere izan liteke, baina soinu elektroniko horiek beste zerbait ematen diote abestiari.
Zure ahotsa ere bereziki presente dago kantu horretan.
Bai, kantuak behe-lainoaren irudia erabiltzen du. Askotan, bizi garen erritmoan eta etengabe irakurtzen ditugun albisteen artean, lainotuta sentitzen gara. Baina beste batzuetan gu geu gara lainotuta gaudenak, eta ez dugu kanpokoa argi ikusten. Jolas horretan ibili nahi nuen. Pianoaren figura batzuk mantendu nahi nituen, baina bukaeran lehertu egin behar zuela ikusi nuen. Hasieran, pianoarekin bakarrik egiten nuen, baina iruditu zitzaidan ez zela behar bezala iristen nahi nuen tokira. Ahotsa nahiko xuxurlatuta abesten dut beste kantu batzuetan, aire askorekin, eta hemen, berriz, dinamika hori hautsi nahi nuen eta oihu batzuk egiten saiatu nintzen. Asko gustatzen zaizkit halako aldaketak.
Diskoa aurkezterakoan esan zenuen gehien gustatu zaizun gauzetako bat zure ahotsa aurkitzea izan dela. Ariketa bat egin behar izan duzu horretarako?
Bai. Uste dut, beste jende asko bezala, ni ere nahiko autoexijentea naizela nire ahotsarekin. Horrek buelta asko ematera eraman nau, asko entzutera eta probatzera. Estudioan ere ordu batzuk eman ditugu mikrofonoak aukeratzen eta nola abestu erabakitzen, benetan nahi nuen mezuarekin eta diskoko soinuarekin koherentea izan zedin. Erronka handienetako bat izan da.
Eta erreferentziarik izan duzu prozesu horretan?
Musika asko entzuten dut, eta pianoaren inguruan dabiltzan musikari dezente entzun ditut, baina, oro har, ez daukat erreferentzia bakar bat.
Kantuen ordena diskoan, ausazkoa da?
Ez. Uste dut disko bat egiten dugunean buelta asko ematen dizkiogun kontua dela: nola nahi duzun jendeak entzutea eta zer-nolako bidaia egitea nahi duzun. Ordenak markatzen du, nolabait, bidaia hori. Gaur egun galdu da hori, baina ni banaiz diskoak osorik entzutea gustatzen zaion pertsona bat, hasieratik amaierara. Uste dut hor ere badagoela hautu bat. Agian bihar beste era batera ordenatuko nituzke, baina momenturen batean itxi egin behar duzu lana, eta horrela geratu da.
Zein beste gai aipatu nahi izan dituzu kantuetan?
Ilunpetan kantua, adibidez, doluari lotutakoa da. Dolu horrek sortzen duen pisua eta zama lantzen ditu, baina, aldi berean, hortik ateratzeko aukera ere badago. Kantu hau hitzik gabe uztea erabaki nuen, indarra izan zezan.
Diskoko azken hiru kantuak instrumentalak dira. Zergatik?
Bai. Pianora eta txikitasun horretara itzuli nahi nuen, benetan lan hau nondik sortu den gogoratzeko. Azken pieza aitari idatzitako kantua da, haurtzaroko gauzak gogora ekartzen dituena. Ni nahiko loti txarra omen nintzen txikitan, eta ez zitzaidan gehiegi gustatzen goiz oheratzea. Hortaz, aitarekin halako tratua egiten genuen: bi pieza entzun edo dantzatu, eta gero lotara joan. Garai haiek gogoratzeko eta berari eskaintzeko idatzi dut doinu-zati hori. Polita iruditu zitzaidan diskoa horrekin bukatzea, nondik natorren gogoratuz eta zikloa itxiz.
Nola funtzionatzen du diskoak zuzenekoetan?
Egia esan, zuzenekoak eta diskoa bi esperientzia desberdin dira, eta gustatzen zait desberdinak izatea. Bestela ere, etxean diskoa lasai entzuteko aukera du jendeak. Esan daiteke nire zuzenekoa gordinagoa dela. Aldaketak daude kantuetan, baina uste dut muina mantentzen dela. Janzkera aldatzeagatik bakarrik ez da kantu bat hobetzen edo okertzen. Disko honek zuzeneko gordintasun hori eskatzen du.
Beste hainbat taldetan aritzen zara, eta oholtza gainean beste jende askorekin egoten zara. Orain, ordea, zu zaude erdigunean. Nola bizi duzu hori?
Erronka bat izan da, baina gustatzen zait. Aspalditik nuen bakarkako proiektu bat egiteko gogoa. Asko gustatzen zait bakarkako proiektuak ikustea, eta nahiko argi nuen noizbait hori egin nahi nuela. Diskoa grabatzen hasi ginenean, bakarrik defendatzeko nahia edo grina nuela konturatu nintzen. Eta horretan saiatu naiz. Amets hori betetzen ari naiz.
Zer-nolako aretoak dira egokiak diskoa plazaratzeko?
Eskertzen da areto itxietan jotzea, isiltasunari, goxotasunari eta hurbiltasunari eusteko aukera dagoelako. Uste dut errazagoa dela horrelakoetan jendearengana iristea. Eserita entzuteko kontzertuak direla iruditzen zait. Hasierako ideia areto txikietan jotzea zen, baina udan kanpoan jotzeko aukera ere izan dut, Oñatiko lorategi batean eta Bermeoko Talako kantinan. Leku horiek ere zoragarriak izan dira, eta beste magia bat ematen diote kontzertuari. Azkenean, leku bakoitzera egokitzen saiatzen naiz.
Diskoa kalean dago, binilo formatuan. Non eros daiteke?
Momentuz, zuzeneko kontzertuetan egongo da eskuragarri. Gero, ikusiko dugu sarean edo beste bideren batean jartzeko aukera zabaltzen dugun.
Beste talde batzuekiko konpromisoak ere badituzu. Nola uztartuko dituzu proiektu guztiak?
Lanpetuta datozkit hurrengo hilabeteak. Agenda beteta daukat, eta malabarrak egin beharko ditut, baina aurreko proiektuak mantendu nahi ditut eta hau ere horiekin uztartu. Hilabete hauetan aurkezpen-kontzertu batzuk prestatu ditut, eta gero gerokoak. Saiatuko naiz, diskoan kritikatzen dudan hori ez egiten, eta unean unekoa bizitzen.
Ilusioa egiten dizu bihar diskoa Lizartzan aurkezteak?
Bai, noski. Uste dut herrian zerbait aurkezteak edo jotzeak beti egiten duela ilusio berezia. Gainera, disko honetako kantu asko han sortu dira, edo han hasi behintzat; gero, beste leku batzuetan hartu dute azken forma. Azkenean, inguruan izan nauten jende asko egongo da, eta badakit gogoz daudela egun horren zain.


