Zabalak eta Erasunek Lau Eta Erdiko Txapelketa jokatuko dute

Josu Artutxa Dorronsoro

Inoizko parte-hartze handiena izango du aurtengo edizioak, 24 pilotarirekin; igandean hasiko da Basaurin, eta pilotari lizartzarrak lehen aurre-kanporaketa jokatuko du bertan, Arraizaren aurka.

Igandean hasiko da Basaurin Emakume Master Cup zirkuituko lehiaketarik garrantzitsuena: Lau eta Erdiko Master LABORAL Kutxa Txapelketa. Gainera, inoizko parte-hartzerik handiena izango du, 24 pilotarirekin, eta horietatik bi Tolosaldekoak dira: Irati Zabala lizartzarra eta Itxaso Erasun zizurkildarra.

Iazko ranking-a kontuan hartuta osatu dituzte txapelketako adarrak eta kanporaketak. Aurre-kanporaketen hiru fase egongo dira, eta Zabala lehenean sartuko da txapelketan. Lehen faseko partidak igandean izango dira Basaurin. Guztira, lau jokatuko dira, eta lizartzarrak Arraizaren aurka jokatuko du, 12:00etan hasita. Irabazleak Garai izango du aurkari bigarren fasean. Bigarren faseko partidak urriaren 25ean izango dira Urnietan, eta hirugarren fasekoak Pasaian urriaren 31n.

Ondoren, final-zortzirenetako kanporaketa helduko da, eta orduan sartuko da Erasun. Hiru herritan jokatuko dira partidak azaroko lehen hiru igandeetan. Zizurkildarrak Salsamendi, Garai, Arraiza edo Zabala izango du aurkari hilaren 8an, Arrigorriagan, 12:30ean hasiko den neurketan. Gero, finalaurrekoen txanda izango da. Abenduaren 6an izango dira Zeanurin, eta Euskal Telebistak zuzenean emango ditu. Azkenik, abenduaren 13an izango da finala Mungian. Azken partida ere zuzenean emango du ETB-k.

Honela geratu da txapelketako egitura:

Amaia Aldai da modalitate honetan txapela gehien dituen pilotaria, baina gaur egungo txapeldunordea ez da faborito bakarra izango: Enara Gaminde azken txapelduna, Olatz Arrizabalaga, Miriam Arrillaga –Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko jokalaria– eta Goiuri Zabaleta dira beste hautagai nagusietako batzuk. Erasunek ere baditu aukerak. Plazandreak torneoko azken bi edizioetako kaiolako modalitateko finalak jokatu ditu zizurkildarrak. Aurten, txapeldunorde izan da, finalean Gaminderen aurka 18-6 galduta; iaz, berriz, txapela jantzi zuen, finalean Amaia Aldairi 18-9 irabazi eta gero.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!