Eskualdeko lau arraunlari, lorpen historiko baten parte

Josu Artutxa Dorronsoro

Ion Jauregi berrobitarra, eta Ibai Vaquero, Eneko Aramendia eta Malen Oiarzabal tolosarrak lehen mailan ariko dira, Zarautzekin igoera lortu eta gero.

Zarautz Arraun Elkarteak ez du berehalakoan ahaztuko 2026. urtea. Denboraldi bikaina egin du, gizonezkoen eta emakumezkoen taldeek lehen mailara igotzea lortu baitute, eta historiara igaro den lorpenaren parte izan dira eskualdeko lau arraunlari: Ion Jauregi berrobitarra eta Ibai Vaquero, Eneko Aramendia eta Malen Oiarzabal tolosarrak.

Bi taldeak egoera berean heldu ziren ligako azken estropadara; bakoitzak bere estropada irabaziz gero, ligako txapeldun izango lirateke. Baina, azkenean, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Gizonezkoetan Deustu izan zen txapelduna; emakumezkoetan, berriz, Hondarribia.

Gizonezkoak hirugarren izan ziren iaz, eta bi onenen artean egotea zen helburua, igoerako kanporaketa jokatzeko. Espero zuten sailkapeneko goiko postuetan egotea; ez, ordea, 16 estropadetan zortzi bandera irabaztea. «Oso gustura gaude, baina pena bakarra daukagu: liga ez irabaztea», aitortu du Jauregik.

«Oso gustura gaude, baina pena bakarra daukagu: liga ez irabaztea»

Ion Jauregi

Emakumezkoek, berriz, iaz liga irabazi zuten, eta helburu bera zuten aurten. Sei bandera eskuratu dituzte, baina ez dira onenak izan ligan. «Bagenekien Hondarribia oso ondo ariko zela, Euskotren ligatik zetorrelako», esan du Oiarzabalek. Behintzat, igoerako kanporaketa jokatzeko txartela lortu zuten. 

Bigarren postu gozoa

Irailaren 19an Bermeon eta 20an Portugaleten jokatu zituzten Eusko Label eta Euskotren ligetara igotzeko kanporaketak. Bi taldeak bigarren izan ziren bi estropadetan; ARC eta ETE ligetako txapeldunak izan ziren azkarrenak. Ondorioz, liga bakoitzeko bi ontzi onenak igo dira lehen mailara. Jauregik aitortu du «beldur handiagoa» ziotela Aresi, Deusturi baino. «Lehen mailan Galiziako ontzirik ez egotearen presioa zuten, eta oso ondo aritu ziren abuztuan», esan du berrobitarrak. Zarautz bigarren izan zen lehen estropadan, eta, beraz, aldeko erreferentziak izan zituen hurrengo egunean.

Oiarzabalek esan du iaz liga irabazi baina igotzea ez lortzearen ondorioz geratu zitzaion arantza kendu zuela emakumezkoen ontziak. «Udan, oso estropada onak egin ditugu itsasoan; geroz eta egoera kaskarragoak izan, orduan eta hobeak. Horregatik, argi genuen Bermeokoa gakoa izango zela. Azkenean, igoera lortzea sekulakoa izan zen». Tolosarrak nabarmendu du kanporaketa horretan bigarren mailako taldeak irabaztera joaten direla, eta lehen mailakoek «galtzeko presio handiagoa» izaten dutela.

Lehen estropadan lortutako emaitzek lagundu zieten bi taldeei bigarrenean lasaiago aritzen. Hala ere, eskualdeko arraunlariek aitortu dute kanporaketak jokatu aurretik «presio handia» sentitzen zutela taldean. Aramendiak ez zuen kanporaketan parte hartu, baina kanpotik «are urduriago» jarraitu zituen estropadak. «Traineru barruan kontzentratuta egoten naiz; kanpoan, ordea, ezinegon handia izaten dut. Oso gaizki pasatu nuen, batez ere, larunbatean». Vaquerok, berriz, bestelako gorputzaldia zuen. «Ez nengoen hain urduri, baina bai tentsio betean. Bolada onean heldu ginen, lan ona egiteko konfiantza handia genuen, eta asko lagundu zuen horrek».

«Oso gaizki pasatu nuen igoerako kanporaketan, batez ere bigarren egunean»

Eneko Aramendia

Kontxan, bikain

Igoerako kanporaketak jokatu aurretik, «entrenamendu saio onak» egin zituztela esan du Vaquerok, Kontxako Banderarako sailkatze-estropadan lortutako emaitzek lagunduta. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, estropada handia egin zuten zarauztarrek. Seigarren izan ziren ziabogan, eta orotara, hamargarren. «Kontuan izan behar da lehen mailako taldeen aurka ari ginela», gogorarazi du Jauregik.

Gizonezkoena handia izan bazen, emakumezkoena are handiagoa. Bandera jokatzeko sailkatu ziren traineruen artean, ETE Ligako bakarra izan zen. Oiarzabalek adierazi du «ikaragarria» izan zela, askok euren ametsa bete zutelako. Tolosarrak «ikuspegi pribilegiatua» zuen, lehenago jokatua zuelako Tolosaldearekin. «Taldekideen aurpegiak ikusita bizitakoaz oroitu nintzen, eta oso berezia izan zen», gaineratu du.

«Taldekideen aurpegiak ikusita, Kontxan bizitakoaz oroitu nintzen»

Malen Oiarzabal

Emaitzez harago

Emaitzek garrantzi handia dute kirolean, eta laguntzen dute entrenatzera sentsazio hobeekin joateko. Vaquerok, ordea, taldeko giroa nabarmendu nahi izan du. «Ez gara arraunaz bizi, eta gustura ez bazaude, alferrik da jarraitzea. Talde honetan, ordea, entrenatzeko gogo eta ilusio handia topatu dut».

«Ez gara arraunaz bizi, baina entrenatzeko gogo eta ilusio handia topatu dut taldean»

Ibai Vaquero

Eskualdeko arraunlariek nabarmendu dutenez, «talde umila» da Zarautz Arraun Elkartea. «Zuzendaritzak gertutasuna transmititzen du, eta etxean bezala sentiarazten zaitu. Oso giro ona dago bi taldeen artean, eta ez dago bazterketarik», azaldu du Oiarzabalek. Zaleen babesa «handia» dela gaineratu du Jauregik: «Gure desabantaila handiena herrian ez entrenatzea da. Beraz, zaleentzat ez da erraza gu ikustera joatea. Hala ere, nahiz eta banderak ez irabazi, nabari da haien babesa».

Jaitsiera ekiditera

2027a urte berezia izango da elkartearentzat, eta jakitun dira arraunlariak. «Ilusio handiagoarekin joango gara entrenamenduetara. Taldean giro ona mantentzen saiatuko gara, baita ontzia aurten baino abiadura biziagoan eramaten ere. Azken postua eta, ahal bada jaitsierako kanporaketa, ekiditea izango da helburua», esan du Jauregik. Datorren urtean arerio zuzenak zein izan daitezkeen galdetuta, Vaquerok ez dauka argi: «Denboraldi-aurreak balio dezake ideia bat egiteko, baina, aldi berean, engainagarria izaten da. Gero, talde bakoitzak bere modura kudeatzen du jaitsierarako borroka».

Emakumezkoek ere jaitsiera ekiditea izango dute erronka. Oiarzabalek aitortu du «lan egiteko gogo eta ilusio handia» dutela, eta «gozatzera» joango direla. «Euskotren Liga hitz handiak dira, nik ondo dakit hori. Hitz handi horiei Zarautz on bat erakutsi nahi diegu».

ESKUALDEKO ARRAUNLARIEN AZKEN URTEETAKO JARDUNA

Ion Jauregi (Berrobi, 1995)

2013az geroztik ari da Zarautz Arraun Elkartean arraunean. «Dagoeneko beteranoetako bat naiz, eta, urtetik urtera, geroz eta ilusio handiagoa izaten dut. Denboraldi bat bukatzerakoan, hurrengoa hasteko gogotsu egoten naiz. Jaitsierak, igoerak... denetik bizi izan dut, onetik eta txarretik; orain gozotik gehiago, gazitik baino».

Ibai Vaquero (Tolosa, 2005) eta Eneko Aramendia (Tolosa, 2005)

Lehen aldiz aritu dira aurten Zarautz Arraun Elkartean, eta biek ibilbide bera izan dute orain arte. Tolosaldea Arraun Klubean hasi ziren, eta jubenil mailan San Pedrora joan ziren. «Bertako traineruan lehiatzea zen asmoa, baina orduan lehen mailan zegoen, eta ez zen erraza». Azkenean, Hibaikan hasi ziren, eta Errenteriako taldean bi urte egin ondoren, Zarautzera joateko aukera izan zuten. Kasualitatez, TAK-en bateletan lehiatzen zirenean, Jauregi izan zen haien entrenatzailea.

Malen Oiarzabal (Tolosa, 1999)

2022an egin zuen azken denboraldia Tolosaldean, bost urtez etxeko taldean aritu ondoren. «Ez zen erraza hiru txandatako lana eta arrauna uztartzea». Geroztik ez du arraunik hartu, baina kirola ez du albo batera utzi. Hala ere, ez du arraunerako grina galdu; «etxean beti esaten didate arraunlaria naizela». Irailean jaso zuen zarauztarren deia, baina ezetz esan zien. Martxoan berriro deitu zioten zuzendaritzak eta entrenatzaileak. Haiekin bildu ondoren, baiezkoa eman zien. «Oso berandu hasi nintzen, esku bat botatzeko asmoarekin. Talde oso gaztea zuten, eta eskarmentua edo esperientzia zuen arraunlaria izan nintekeen. Laguntza ematen hasi, eta azkenean engantxatu egin nintzen; astean behin joatetik egunero joatera igaro nintzen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!