Peña II.ak bakarrik egin du aurrera, erakustaldia emanda

Josu Artutxa Dorronsoro

Lau eta Erdiko Txapelketako A Serieko final-laurdenak jokatuko ditu tolosarrak, Artolari Beotibarren 22-4 irabazi ondoren; Erik Jakak ezin izan du Laso garaitu.

Jon Ander Peñak Lau eta Erdiko Txapelketako A Serieko final-laurdenetako fasea jokatuko du, gaur Beotibarren Iñaki Artolari 22-4 irabazita. Erraz menderatu du tolosarrak alegiarra. Erabat nagusi izan da Peña, eta ez dio ia aukerarik eman Artolari tantoak egiteko. Honek, gainera, gehiegi barkatu du, eta aukerako pilota asko utzi dizkio Peñari. Artola ez da gai izan bi tanto jarraian egiteko; ez du sakea batere aprobetxatu. Azkenean, 15 tanto egin ditu tolosarrak, eta bi bakarrik galdu. Alegiarrak, berriz, bi tanto egin ditu, eta zazpi galdu.

Jakak, ezin

Tolosarrak larunbatean jokatuko du final-laurdenetako kanporaketan B multzoko lehen jardunaldiko partida, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Eta aurkari gogorra izango du aurrean: 2024an txapeldun izan zen Unai Laso. Nafarrak aise menderatu zuen Erik Jaka lizartzarra joan den larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako kanporaketan. 22-10 irabazi zion, erakustaldia eginda. Jaka 2-5 hasi zen galtzen, eta 7-6 aurreratu bazen ere, handik aurrera ezinean aritu zen. Lasok 15 tanto egin zituen, eta Jakak zazpi.

Altuna, igandean

Jokin Altuna eta Javier Zabala iazko txapeldunordea dira B multzoko beste bi pilotariak, eta elkarren aurka jokatuko dute lehen jardunaldiko neurketa, igandean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Irabazleak, Lasoren eta Peñaren arteko irabazlearen aurka jokatuko du bigarren jardunaldian.

Ostiralean, Villabonan

Ostiralean, Amianok eta Zubizarreta IV.ak elkarren aurka jokatuko dute B Serieko txapelketako final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldiko partida Villabonako Bearzana pilotalekuan. Ondoren, binakako norgehiagoka jokatuko dute Jaka-Landa eta Larrazabal-Gabirondo bikoteek. Asteburuko jaialdietarako sarrerak Entradasfronton.com webgunean erosi daitezke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!