Mugarri historiko bat ezartzear da euskal pilota selekzioa. Estreinakoz, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako Munduko Txapelketa batean ariko da. Beste hamalau herrialdetako selekzioekin lehiatuko da urriaren 15etik 24ra Argentinan eta Uruguain izango den txapelketaren 20. edizioan. Erronka handia da, eta horren parte izango dira hamahiru modalitatetan lehiatuko diren 41 pilotari; haiekin batera bederatzi hautatzaile joango dira. Euskal selekzioko sei pilotari eta bi hautatzaile Tolosaldekoak dira. Guztiak daude ilusioz gainezka.
Lehen aldiz, pilota egokitua jokatuko dute, 36 metroko frontoian eta trinketan. Modalitate horretan ariko da Edorta de Anta tolosarra. Frantzia, Portugal eta Argentina izango dituzte aurkari, eta bi onenek jokatuko dute finala. De Antaren iritziz, aurkariak «oso indartsuak» dira, baina haiek eta Frantzia jo ditu faborito. «Irabaztera goaz, baina urduritasuna ondo kudeatu beharko dugu».
Iraitz Olaetxea lizartzarra da euskal selekzioko hautatzaileetako bat. Ezker hormako eskuzko gizonezkoen taldea prestatuko du. Faboritotzat jo du selekzioa, Espainiarekin batera, iazko Nazioen Ligako emaitzengatik, baina Frantzia eta Mexiko «selekzio indartsuak» direla esan du. Argi du helburua: «Buruz burukoan eta binakakoan munduko txapeldun izatea. Lanak ondo eginez gero, lortuko dugu».
Xarea
Xarean ere parte hartuko du euskal selekzioak, kasualitatez, Estatu Batuetako selekzioak haren tokiari uko egin eta hutsunea betetzeko gonbidapena jaso ondoren. Modalitate horretan parte hartuko duten laurak irurarrak dira: Xuban Lopetegi, Markel Mujika eta Oier Iturbe jokalariak eta Mikel Uzkudun hautatzailea. Uzkudunek aitortu du aukerak «ezustean» harrapatu zituela. Espainia, Frantzia –gaur egungo txapelduna–, Argentina eta Uruguai izango dituzte aurkari, eta bi onenek finala jokatuko dute. Lehen biak dira faborito nagusiak; Uzkudunek aurreikusten du beste biekin brontzezko dominarako borrokan egotea. «Badakigu zer ez dugun egin behar, eta asmatuz gero, aukerak izango ditugu. Ea haiek zaleen presioaren eragina izaten duten».
Iaz, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan parte hartu zuten irurarrek, Argentinan; laugarren izan ziren. «Emaitza hobetzea da helburua; dominaren bat lortzea handia litzateke, baina ez da erraza izango», esan du Iturbek. Iazko esperientziagatik, Mujikak nabarmendu du «sekulako giroa» izaten dela hango trinketeetan. Horien ezaugarriak, gainera, oso bestelakoak dira, eta Uzkudunen ustez horrek eragina izan dezake. «Besteak beste, teilatua txikiagoa da».
Frontballa
Julen Alberdi zizurkildarra eta Miren Larrarte bidaniarra frontballean lehiatuko dira. Gizonezkoetan, euskal selekzioak Frantzia, Mexiko –gaur egungo txapelduna– eta Bolivia izango ditu aurkari multzoen fasean; emakumezkoetan, berriz, Kuba, Txile eta Espainia –gaur egungo txapelduna–. Multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara sailkatuko dira.
Alberdiren ustez Mexiko eta Frantzia dira faboritoak gizonezkoetan. «Zaila izango da bigarren fasera pasatzea; horretarako oso ondo jokatu beharko dugu». Emakumezkoetan, Espainia eta Mexiko onenak izan ziren iazko munduko txapelketan; euskal selekzioa hirugarren izan zen. «Edonork irabazi dezake, eta ea iazko brontzea aurten urreagatik aldatzen dugun», esan du Larrartek. Finalean sartzea izango da bien helburu nagusia; dominaren bat janzteko aukera handia dute.
Espainiarekin, bi
«Munduko txapelketa bat ez da egunero jokatzen, eta ilusio handiarekin noa», aitortu du Eneko Maiz pilotari billabonatarrak. Espainiarekin jokatuko du eskuz, trinketan, eta dominaren bat janzteko aukerak ditu. Frantzia, Mexiko eta Peru izango dituzte aurkari; Maizen ustez, lehen biak dira gogorrenak. Lehen partidan Mexikori irabaziz gero, finalean egongo dira, ia ziur. Billabonarrak nabarmendu du «oso pozgarria» dela euskal selekzioak txapelketan parte hartzea.
Naroa Merino tolosarrak ere Espainiarekin jokatuko du, zesta puntan, 54 metroko frontoian. Euskal selekzioa, Mexiko eta Frantzia izango dituzte aurkari lehen fasean, eta bi onenak izango dira finalean. Irudipena du partida parekatuak izango dituztela, eta euskal selekzioa eta haiek jo ditu faborito. «Uste dut binakakoan eta banakakoan urrezko domina lortzeko hautagaiak garela. Erika Mugartegi eta Arai Lejardi munduko puntista onenak dira, eta haiei irabazteko partida perfektua egin behar da». Helburu bakarra du: «Munduko Txapelketa bizitzeko aukera ahalik eta gehien aprobetxatzea». Ez du gustuko presioarekin jokatzea, baina lanak ahalik eta ondoen egiteko gogoa du. Hilabeteak dira munduko txapelketa prestatzen hasi zirenetik, eta nabarmendu du joko bolada onean helduko direla.
Ardura handia
Txapelketaz gozatzea da guztien helburua, baina euskal selekziokoek ez dute zalantzarik munduko txapelketa batean euskal selekzioaren koloreak defendatzeak zirrara sortuko diela. «Ohore handia da, eta pribilegiatua sentituko naiz», esan du Alberdik. Frontballean ariko den beste pilotariak, Larrartek, «harrotasun handia» sentituko duela aitortu du. «Oso harro nago gure koloreak defendatzeko aukera izateagatik», gaineratu du De Antak.
Olaetxeak nabarmendu du «gauza handi bat egitera» doazela. «Ardura handia» ere badela esan du. «Urte askotan selekzio propio batekin lehiatzeko aukeraren alde borrokatu ondoren, gure herria ordezkatuko dugu. Emozioak ondo kudeatzea izango da helburu nagusia. Motibazio eta ilusioa lehiarako pizgarri bihurtzea nahiko nuke. Ordezkatuko dugun guztiagatik, itxura ona eman nahi dugu, eta ahal den neurrian, beste modalitateetako euskal selekzioko jokalariak babestera joan», azaldu du lizartzarrak.
Merino «pozik» dago euskal selekzioak lehen aldiz munduko txapelketa batean parte hartuko duelako. «Eskertzekoa da zenbaitek egin duten lana, ahalik eta pilotari gehienek esperientzia bizitzeko aukera izan dezaten». Tolosarrak euskal selekzioaren nahiz Espainiakoaren deia jaso zuen; bi federazioekin hitz egin zuen, erabakia hartu aurretik. «Zenbaitek erabaki politiko modura ikusi dezakete, baina Espainiako selekzioan jokalari gutxiago zeudenez, plaza lortzea errazagoa zen. Ez daukat ezer euskal selekzioaren aurka». Gaineratu du «ilusio handia» egingo liokeela euskal selekzioarekin jokatzeak, eta aurreikusi du presioa sentitu dezakeela. «Ez dut nahi bi selekzioetako pilotarien arteko gatazken ondorioz sortutako harreman txarrek eragitea. Nik harreman ona dut bi aldeetako kideekin, eta txapelketan harreman hori mantendu nahiko nuke».






