Bedaio Amezketatik gero eta gertuago

Aitor Arroyo Askarai

Udalen ondotik aldundiak onartu beharko du aldaketa; eta, azkenik, bedaiotarrek erabakiko dute. L. CARRASCO

Behin-behinean onartu dute aldaketa Amezketako zein Tolosako Udalek eta, behin betiko onespena eman beharko diote alegazio epea amaitu ondoren. 

Txantxak eta zurrumurruak gorabehera, iazko martxoaren inguruan sumatu zuten Bedaion galdera bat erantzuteko beharra: «Zergatik ez Amezketa?». Dagoeneko ez da nobedadea Bedaio Tolosatik bereizi eta Amezketa izatera pasatzeko aukera, eta prozesuaren barruan berriki behin-behineko onespena eman diote aldaketari bi herrietako udalbatzek. Behin betiko onespena alegazioak egiteko epearen ondoren eman beharko diote udalbatzek; ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu beharko du aldaketa; eta, azkenik, bedaiotarrek erabakiko dute.

Prozesuak ez du, ordea, borondate edo gogo hutsez egin aurrera: parte hartzeko saioak egin dituzte Bedaion herritarrek zalantzak eta kezkak azaltzeko, informazio saioak izan dira Amezketan zein Tolosan aldaketaren nondik norakoen berri emateko, eta bideragarritasuna aztertzeko ikerketa bat ere egin du Siadeco Ikerketa Elkarteak. 

Jokin Etxeberria bedaiotarrak kontatu du «ilusioz eta gogo handiz» hartu dutela gaia Bedaion, eta bide beretik aipatu du Amezketako Mikel Arteaga alkateak «harrera positiboa» izan duela herrian albisteak. Biek ala biek nabarmendu dute prozesua «eredugarria» ari dela izaten. 

Azterketaren emaitzak

Amezketako alkateak azaldu ditu Siadecok egindako ikerketaren zenbait ondorio: «Amezketako lurraldea eta biztanleria handitu egingo dira, eta baita baliabide ekonomikoak ere. Azterketaren arabera Amezketak nahikoa ahalmen izango luke Bedaioko beharrei erantzuteko, izango dituen baliabide ekonomikoak ere ugaritzen badira». Amezketak 990 herritar inguru dituela ere azaldu du, eta 90 inguru direla Bedaion.

Hari berari tiraka zehaztu du Arteagak Siadecoren azterketaren arabera Bedaioko gastu arrunta —ohiko zerbitzuak eta mantentze lanak, besteak beste— 40.000 euro ingurukoa dela, eta Amezketak 100.000 euroko sarrera jasoko lukeela Bedaio barneratzeagatik: «Baliabide ekonomikoen hazkunde horrekin bideragarria izango litzateke, eta oinarrizko zerbitzuak ematez gain, inbertsioak egiteko gaitasuna ere izango genuke». Zentzu horretan aipatu du alkateak egunerokoan ez lukeela «aldaketa handirik» eragingo: «Bedaiora zabalduko genituzke, esate baterako, kale garbiketa eta lorezaintza zerbitzuak, eta Amezketan jarduten dugun bezala egingo genuke Bedaion ere».

Bideragarritasuna aztertuta, aldaketa udalbatzak behin-behinean onartzea «pauso bat gehiago» dela esan du Amezketako alkateak, eta «azken hitza» bedaiotarrei dagokiela uste du.

«Amezketak nahikoa ahalmen izango luke Bedaioko beharrei erantzuteko»

«Behin betiko onespena abenduko bilkuran izatea aurreikusten dugu»

Mikel Arteaga, Amezketako alkatea

Zergatik aldaketa?

Bedaio Tolosako herrigunetik 17 kilometrora dago errepidez, eta ez du mugarik egiten Tolosako beste auzo bakar batekin ere. Amezketako herrigunea, berriz, errepidez 9 kilometrora dute bedaiotarrek, eta Ugarte auzoa 6,8 kilometrora. Kokapen geografikoa ez da, ordea, aldaketarako argudio bakarra. 

Jokin Etxeberria bedaiotarrak azaldu du Bedaioko eta Tolosako errealitateak ez datozela bat: «Tolosa 20.000 biztanleko herri handi bat da, eta Bedaio, berriz, landa eremuko auzo bat. Baina landa eremuko diru laguntzak jasotzerakoan, adibidez, laguntza asko ez dira iristen Bedaiora, ofizialki, 20.000 biztanleko herri baten parte delako. Laguntza asko jasotzeko garaian atzean geratzen gara». 

Zentzu horretan, Etxeberriak adierazi du lehen sektoreko «jardun handia» dagoela Bedaion, eta hor ere mugak izaten dituztela: «Jendeak mantentzen du landa eremuko bizi estiloa, eta laguntzak jasotzeko baldintza batzuk bete behar dira. Beste adibide bat da herri lurrik ez duela Bedaiok, eta dena pribatua denez, legez ez du Aralarreko larre komunetara sarbiderik. Amezketako herritar izanez gero, berriz, eskubide hori izango lukete».  

Hortik harago, egunerokoan ere Amezketarekin lotura handiagoa dutela gehitu du bedaiotarrak: «Haurrak Amezketara joaten dira eskolara, eta heldu zein gazte askok ere Amezketan dute kuadrilla. Adinekoek ere Amezketako erretiratuen elkartearekin egiten dituzte jarduerak». Hori horrela, helburua eguneroko jarduna eta administrazioko egoera bateratzea dela zehaztu du. 

«Laguntza asko jasotzeko garaian atzean geratzen gara»

«Jendeak borondate onez jokatu du hasieratik [...] dena errespetatu da»

Jokin Etxeberria, bedaiotarra

Ez Tolosa, eta ez Amezketa

«Paperean jarriko du Tolosakoak edo Amezketakoak garela, baina bedaiotarrak bedaiotarrak izango gara beti», horrela hitz egin du Etxeberriak udalerriz aldatzearen inguruan, eta nabarmendu du «herri bizia» dela Bedaio: «Mugimendu handia dago, gazteak eta haurrak badaude... Bedaio oso bizirik dago».  

Amezketaren parte izateko aldaketa «naturala» dela aipatu du, eta gogobeteta nabarmendu du «oso interesgarria» izan dela prozesua: «Erreparo puntu bat ematen du, azkenean, ez delako edonolako aldaketa. Baina sekulakoa izan da. Jendeak borondate onez jokatu du hasieratik, lasai azaldu dira zalantzak eta kezkak, eta dena errespetatu da». 

Hain zuzen, prozesuaren barruan erakundeen arteko mahai bat eratu dute, eta lanketa «eredugarria» izan dela uste du Etxeberriak: «Tolosako eta Amezketako Udaletako ordezkari politiko guztiak, bedaiotarrak, Siadeco elkartekoak... Guztiak bildu eta lasai hitz egiteko aukera izan genuen. Han sumatzen zen aurrera egiteko gogoa izugarria zen; zaila da azaltzeko ere». Aipatutako informazio saio eta lanketez gain, barrura begirako galdeketa bat ere egin dute dagoeneko bedaiotarrek. 

Hurrengo pausoak

Aurrez esan bezala, aldaketa behin-behinean onartu dute Amezketako eta Tolosako Udalek eta 30 egun pasa behar ditu jendaurrean alegazioak aurkezteko. Halakorik ez balego, berriro udalbatzetan aurkeztu eta behin betiko onespena eman beharko diote udalek; «behin betiko onespena abenduko bilkuran izatea aurreikusten dugu», horrela hitz egin du Amezketako alkateak hurrengo pausoaren inguruan. 

Udalek onartu ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiak onetsi beharko du aldaketa —Foru Arau batek arautzen baititu Gipuzkoako udal-barrutiak—; eta, azkenik, bedaiotarrek hartuko dute erabakia bi udaletako idazkarien edo notario baten aurrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!