ELA eta LAB sindikatuek deituta Udalhitz hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatzeko greba eguna dute bihar udal administrazioko langileek. Lehen orduan piketeak egingo dituzte, eta 12:00etan mobilizazioak egingo dituzte Donostia, Bilbo eta Gasteizen.
EAEko tokiko erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen hitzarmena da Udalhitz, eta langileek salatu dute hura berritzeko negoziazioak aspalditik daudela blokeatuta. Biharkoa ez da egiten duten mobilizazio egun bakarra; otsailetik hona ordu bakar batzuetako eta egun osoko lanuzteak egin dituzte.
Eskualdeko hainbat udal langilek egingo dute bat deialdiarekin, eta ondorioz, besteak beste Alegiako, Ibarrako eta Amasa-Villabonako udaletxe zein kultur etxeak itxita egongo dira.
Tolosan ere udaleko langile komiteak bat egin du deialdiarekin, eta ondorioz, udalak alor hauetan ezarri ditu zerbitzu minimoak:
etxez etxeko laguntza zerbitzuan, II. eta III. mendekotasun-gradua duten pertsonentzako oinarrizko arreta bermatuko da; besteak beste, elikadura, higiene pertsonala, botikak eta elikagaiak hartzeko gainbegiratzea, ohean dauden pertsonen jarrera-aldaketak eta ezinbesteko osasun-hitzorduetara zein eguneko zentroetara joateko laguntza.
Hezkuntza zentroetan ere gutxieneko zerbitzuak ezarriko dituzte: Samaniego ikastetxean sarrerako kontrola bermatuko dute goizeko eta arratsaldeko txandetan, eta Gorosabel eraikinean, aldiz, arratsaldekoan.
Bestalde, eta dekretuak jasotzen duenaren arabera, hiri-garraioaren ohiko zerbitzuen % 30 mantenduko da grebak eragindako ordutegietan, eta lehentasuna emango zaie ordezko garraiorik ez duten edo osasun-zentroetara doazen lineei, baita lantokietako sarrera eta irteera ordutegiei ere. Horrekin batera, udal-titulartasuneko errepideen mantentze-lanak eta larrialdi edo aparteko egoerei lotutako esku-hartzeak bermatuko dira, eta udal-garabiaren zerbitzua ere mantenduko da txanda bakoitzean. Greba eguna izanik, eta legeak ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuak bermatuko diren arren, Tolosako Udalak esan du udaleko beste zenbait zerbitzuk gorabeherak izan ditzaketela langileen greba eskubideari lotuta.