Kirol eskaladako zenbait lehiaketa izan dira joan den asteburuan Caceresen (Espainia). Eskualdeko hiru eskalatzaile lehiatu dira bertan Euskal Selekzioarekin: Udane Mujika elduaindarra eta Haritz Urkiola eta Elur Arteaga tolosarrak.
Batetik, boulder modalitatean, Espainiako Txapelketa eta Espainiako Kopako bigarren eta azken proba jokatu dira, lehia berean. 19 urtez azpikoetan, nesketan, Mujika bigarren izan da, eta, ondorioz, zilarrezko domina lortu du; mutiletan, berriz, Urkiola 27. izan da. Maila nagusian ere lehiatu da Mujika, eta bosgarren sailkatu da elduaindarra; Arteaga, berriz, 13. izan da maila nagusian.
Espainiako Kopako bi probetako emaitzak kontuan hartuta, Mujika txapeldun izan da 19 urtez azpikoetan, eta txapeldunorde maila nagusian. Elduaindarra iaz maila nagusian txapeldun izan ondoren, aurten hatz bateko lesioarekin ibili da hainbat hilabetez, eta pixkanaka ari da osatzen. Gainerako eskalatzaileei dagokienez, Arteaga 10. izan da maila nagusian; Urkiola 24. postuan sailkatu da 19 urtez azpikoetan, eta bigarren proban lehiatu ez bada ere, Eñaut Uson ibartarra 11. izan da Espainiako Kopan, 17 urtez azpikoen mailan.
Bestetik, zailtasuneko modalitatean, Espainiako Txapelketa jokatu da, eta, aldi berean, zailtasuneko Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba izan da lehia hori. Absolutu mailan, emakumezkoetan, Arteaga 12. izan da. 19 urtez azpikoetan, mutiletan, Urkiola 15. sailkatu da. Espainiako Kopako hiru probetako emaitzak kontuan hartuta, Arteaga bederatzigarren izan da. 19 urtez azpikoetan, mutiletan, Urkiola 16. izan da.
