Altunak bosgarren txapela nahi du, eta Peñak, Artolak eta Jakak, lehena

Josu Artutxa Dorronsoro

A Serieko lau eta erdikoa jokatuko duten pilotariak, antolatzaileekin eta babesleekin, gaur, Bizkaia frontoian. Peio Etxeberria eta Jon Ander Peña ez dira egon aurkezpenean. FOKU

Eskualdeko lau pilotarik parte hartuko dute Lau eta Erdiko Txapelketan; Artolak eta Peña II.ak elkarren aurka jokatuko dute final-zortzirenetan, urriaren 12an, Tolosan.

Amaitu dira udako festetako nahiz bestelako torneoak pilotarientzat. Udazkenean bete-betean sartuta, etzi hasiko da 2026ko Lau eta Erdiko Txapelketa, eta eskualdeko lau pilotarik parte hartuko dute A Seriekoan. Iaz, finalerdietara sailkatu zen Jokin Altuna amezketarra. Ondorioz, aurten, final-laurdenetan sartuko da txapelketan. Iñaki Artola alegiarrak, Erik Jaka lizartzarrak eta Jon Ander Peña tolosarrak final-zortzirenetako kanporaketa gainditu beharko dute final-laurdenetako ligaxkara sailkatzeko. Laurek egon nahi dute azaroaren 22an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den finalean. Finalera sailkatu eta irabaziz gero, Lau eta Erdiko Txapelketako bosgarren txapela jantziko luke Altuna III.ak; gainerako hirurentzat kaiolako lehena litzateke.

Eskualdeko pilotariak B multzoan egokitu dira. Artolak eta Peña II.ak elkarren aurka jokatuko dute final-zortzirenetako kanporaketa, urriaren 12an, Tolosako Beotibar pilotalekuan. 17:15ean hasiko den jaialdiko bigarren neurketa izango da. Jakak, berriz, 2024an txapeldun izan zen Unai Lasoren aurka jokatuko du final-zortzirenetako kanporaketa, larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Bi jaialdietarako sarrerak Entradasfronton.com webgunean erosi daitezke. Bi kanporaketetako irabazleak final-laurdenetako ligaxka faseko B multzora sailkatuko dira, eta elkarren aurka jokatuko dute lehen jardunaldian, urriaren 17an, Bilbon; Altuna III.a eta Zabala jada multzo horretan daude, eta hilaren 18an jokatuko dute elkarren aurka, Gasteizen.

Bestalde, A multzoan, final-laurdenetako ligaxkan sailkatuta daude Peio Etxeberria –iazko txapelduna– eta Ezkurdia. Beste bi pilotariak erabakitzeko final-zortzirenetako bi kanporaketa izango dira asteburuan: ostiralean, Elordi eta Larrazabalen artekoa Durangon, eta igandean, Darioren eta Senarren artekoa Lekunberrin.

B Seriekoa, Villabonan

A Serieko txapelketaz gain, B Seriekoa ere jokatuko da. 12 pilotarik parte hartuko dute, baina ez da Tolosaldeko bat bera ere egongo. Hala ere, eskualdean izango da final-laurdenetako ligaxkako partida bat. Amianok eta Zubizarreta IV.ak Villabonako Bearzana frontoian jokatuko dute lehen jardunaldian. Urriaren 16an izango da, 19:30ean, eta binakako partida batek osatuko du jaialdia. Sarrerak dagoeneko erosi daitezke Entradasfronton.com webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!