Eskualdeko ordezkaritza Ehnergia Sarean

Tolosaldeko Ataria

Euskal Herri osoko 12 tokiko erakundek eta 20 energia-komunitatek osatu dute kooperatiba, tartean daude Tolosaldeko eragileak ere.

Joan den larunbatean Iruñean egindako batzar eratzailean sortu zuten ofizialki Ehnergia Sarea. Martxoaren 7an Donostiako Kursaalean proiektuaren aurkezpena egin ostean, Udalbiltzak sustatutako mugaz gaindiko kooperatiba energetikoa eratzeko beharrezko bazkideak biltzeko lanari ekin zion talde motorrak. Iruñeko Pinaquy aretoan antolatutako bilkuran mugarri hori lortu zutela jakinarazi zuten eta, horrenbestez, legez osatu dute Ehnergia Sarea.

Talde motorrak azaldu duenez, kooperatiba europarra eratu ahal izateko 30.000 euro lortzea ezinbestekoa zen, eta ia bi urtez luzatu den prozesuaren ondoren, hasieran aurreikusitako kopurua gainditu dute: 40.200 euroko kapital sozialarekin abiatu dute bidea. Ehnergia Sarea Euskal Herri osoko 12 tokiko erakundek eta 20 energia-komunitatek eratu dute. Tokiko erakundeen artean daude eskualdeko hainbat udal, hala nola Ibarra, Berastegi, Anoeta eta Orexa.

Eraketa ekitaldiaren lehen eginkizuna lehendakaritza eta idazkaritza postuak betetzea izan zen. Horrela, lehendakaritzarako Otxandioko Oreka Energia Komunitatea hautatu dute; idazkaritza, berriz, Udalbiltza Partzuergoaren esku geratu da, eta Ainhoa Intxaurrandieta izango da idazkaria.

Sarearen estatutuak onartu eta Kontseilu Errektoreko eta Errekurtso Batzordeko kideak ere hautatu zituzten joan den larunbatean. Kontseilu Errektorean ariko da, besteak beste, Orexako Energia Berriztagarrien Komunitatea Koop.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!