Oihana Zubillagak garaipena eskuratu du XIX. Sorginen Lasterketan

Josu Artutxa Dorronsoro

Zubillaga eta Zubeldia, XIX. Sorginen Lasterketako proba luzeko podiumean. Argazkia: Anboto.org

Anoetarrak Atxondon jokatutako mendi lasterketako proba luzea irabazi zuen atzo; Eider Zubeldia amezketarra bigarren izan zen. Proba laburrean, Bedaioko Anartz Azpiroz hirugarren izan zen.

Oihana Zubillaga anoetarrak beste garaipen bat lortu zuen atzo. Kasu honetan, Atxondoko (Bizkaia) Axpe auzoan hasi eta amaitu zen eta Euskal Herriko Koparako puntuagarria izan zen XIX. Sorginen Lasterketa mendi lasterketako proba luzean, emakumezkoen kategorian. 21 kilometroko luzera eta 1.700 metroko desnibel positiboa zuen ibilbideak, eta Zubillagak 2.34.17ko denbora egin zuen. Minutu eskasera helmugaratu zen bigarren korrikalaria, Eider Zubeldia amezketarra (2.35.16), eta Leire Uribe otxandiarra izan zen hirugarren (2.40.11).

Proba laburrak 11,6 kilometroko luzera eta 890 metroko desnibel positiboa zuen, eta gizonezkoetan, Bedaioko Anartz Azpiroz hirugarren izan zen, 1.10.08ko denbora eginda. Victor Bernedo elorriarrak irabazi zuen proba (1.08.38), eta Peio Ziarsolo errezildarra izan zen bigarren (1.09.49).

Azpiroz, eskuinean. ANBOTO.ORG

Bezperan, XVII. Anbotoko Kilometro Bertikala jokatu zen. 3,8 kilometrotan, 1.092 metroko desnibela egin behar izan zuten korrikalariek. Emakumezkoetan, hirugarren izan zen Zubillaga, 52.30eko denbora eginda. Maider Unanue izan zen garaile (51.26), eta Garazi Abasolo bigarren (52.30).

Iturria, bigarren Zumaian

Larunbatean, XVII. Flysch Trail mendi lasterketa jokatu zen Zumaian. Bi proba izan ziren, eta 24 kilometroko luzera eta 1.008 metroko desnibel metatua zuen proba luzean, emakumezkoetan, Bidania-Goiazko Irene Iturria bigarren sailkatu zen, 2.14.42ko denbora eginda. Leire Urritegi oiartzuarra izan zen azkarrena (2.10.28), eta Amagoia Iribar oriotarra helmugaratu zen hirugarren postuan (2.23.56).

Iturria, Zumaiako podiumean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!