Aitor San Sebastian eta Jone Gomez bigarren izan dira Durangoko mendi duatloian

Tolosaldeko Ataria

Aitor San Sebastian bizikletan eta Jone Gomez korrika, Durangoko mendi duatloian. Argazkiak: JOSU ZABALA.

Larunbatean jokatu zen Smurfit Westrock Durangoko IV. Mendi Duatloia, eta lan ona egin zuten zizurkildarrak eta tolosarrak. Eneko Gurrutxaga amasarra gizonezkoetan eta Izarne Mayoz asteasuarra emakumezkoetan hirugarren izan ziren.

Larunbatean, Smurfit Westrock Durangoko IV. Mendi Duatloia jokatu zen Durangoko Tabira parkean. Parte hartzaileek 27,3 kilometroko proba izan zuten –8,5 korrika 377 metroko desnibel positiboarekin, eta 18,8 bizikletan 780 metroko desnibel positiboarekin–. Bakarkako proban 49 lagunek parte hartu zuten; errelebokakoan, berriz, 34 bikotek.

Bakarkako proban, gizonezkoetan, Stern Factory Team taldeko Aitor San Sebastian zizurkildarra bigarren izan zen, 1.42.44ko denbora eginda. Hirugarren amaitu zuen korrikako sektorea, eta bizikletan bosgarren denbora onena egin arren, azkenean, bigarren izan zen. Lokatzetan Kirol Taldeko Eneko Gurrutxaga amasarrak hirugarren amaitu zuen proba, 1.44.03ko denbora eginda. Korrikako saioan zortzigarren izan zen, baina bizikletakoan egin zuen aurrera sailkapenean, bigarren denbora onena egin baitzuen sektore horretan. Usansoloko (Bizkaia) Alex Ordeñana izan zen irabazlea, 1.40.07ko denbora eginda. Bizikletarekin seigarren izan zen, baina korrika saio onena egin zuen.

Eneko Gurrutxaga, Durangoko mendi duatloian. J. ZABALA

Emakumezkoetan ere eskualdeko bi kirolari igo ziren podiumera. IZT taldeko Jone Gomez tolosarra bigarren izan zen, 2.24.20ko denbora eginda, eta Izarne Mayoz asteasuarra hirugarren izan zen, Gomezengandik hiru minutu eta erdira (2.27.51). Lea La Blanca taldeko Ainhoa Markinez nagusi izan zen hasieratik, eta denbora onenak egin zituen bi sektoreetan. Azkenean, 2.16.02ko denbora eginda irabazi zuen. Gomezek laugarren postuan amaitu zuen korrikako saioa; Mayozek, berriz, hirugarren. Bizikletako saioa hasterako, bi minutu pasatxoko aldea ateratzen zion asteasuarrak tolosarrari. Bigarren sektorean, ordea, azkarrago aritu zen Gomez, eta Mayoz ez ezik, korrikako saioa bigarren postuan amaitu zuen Maite Murgia ere aurreratu zuen, bigarren amaitzeko. Mayozek ere aurreratu zuen Murgia bizikletako saioan.

Izarne Mayoz, Durangoko mendi duatloian. J. ZABALA

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!