Abian da arnasguneetako gazteei zuzendutako Arnasetik lehiaketa

Tolosaldeko Ataria

Joan den urteko Arnasetik lehiaketako sari banaketa.

10 eta 16 urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte. Banaka edo taldeka hartu daiteke parte, eta urriaren 15a baino lehen eman beharko da izena.

Euskararen arnasguneetako gazteei zuzendutako Arnasetik bideosormen lehiaketa martxan da berriro. Bosgarren urtea du Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk sustatzen duten ekimenak, eta helburu du euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzea, gazteei beren herrietako hizkuntza-ohiturei buruz hausnartzeko aukera ematea eta ikus-entzunezkoen bidez euskararen presentzia eta indarra erakustea. 10 eta 16 urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte. 

Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatzen da lehiaketa. Euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartzen dute parte, banaka edo lagunartean. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea da, bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez. 2025eko edizioan 205 sormen-lan aurkeztu ziren eta publikoak 3.580 boto baino gehiago eman zituen.

Aurreko edizioetan bezala, Arnasetik lehiaketaren aurtengo edizioa ere adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da. Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek.

LH 5. eta 6. mailako ikasleek Dakienak, ba al daki? erronkari helduko diote, herriko berezitasun eta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa baten bidez.

DBH 1. eta 2. mailakoek Ongietorria erronkari erantzungo diote, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egingo lioketen erakutsiz, musika eta mugimendua baliatuta.

DBH 3. eta 4. mailakoek, berriz, Eusle mode on landuko dute, sare sozialetako hizkuntza- erabilerari buruzko gogoeta eginez.

Kategoria bakoitzeko irabazleak 500 euroko bonua jasoko du bai eta publikoaren sariak ere. Honakoetan gastatu ahal izango da nahi den moduan: Ikasbidaian, IrisarriLand-en, Durangoko Azokan, EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean, Gure Zirkuan, etab.

Gazteek urriaren 15a baino lehen eman beharko dute izena, eta sormen lanak urriaren 30a baino lehen bidali beharko dituzte. Ondoren, publikoak azaroaren 5etik 13ra izango du bere bozka emateko aukera arnasagara.eus webgunean.

Lehiaketaren sari banaketa azaroaren 26an egingo da Lekeition. Bertan kategoria bakoitzeko lan irabazleak proiektatuko dira eta sariak banatuko dira. Ekitaldiarekin, bosgarren urteurrena ospatzeaz gain, gazteen sormena eta euskararekiko konpromisoa aitortuko dira, eta arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia nabarmenduko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!