Alegia eta Tolosa lotzen dituen bidegorrian lanak egingo dituzte

Tolosaldeko Ataria

Alegia eta Tolosa lotzen dituen bidegorriaren artxibo irudia. E. MAIZ

Astelehenean hasiko dira lanean Tolosako Artzabaltza industriagunearen eremuan, eta urriaren 16an bukatuko dituzte bertako lanak. Zatika jarraituko dute lanean, eta aurreikuspenen arabera abenduaren amaieran bukatuko dute.

Datozen hiru hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat lan egingo ditu Alegia eta Tolosa arteko bidegorrian. Astelehenean, urriaren 5ean hasiko dira lanean Tolosako Artzabaltza industriagunearen eremuan, eta fase horretako lanak urriaren 16an bukatzea aurreikusten dute.

Hortik aurrera, fase ezberdinetan banatuta jarraituko dute lanean, eta urtearen amaierara arte luzatzea aurreikusten dute. Zati eta eremu ezberdinetan egingo dituzte lanak, eta adierazi dute «ahal den neurrian» erabiltzaileen pasabidea bermatuko den arren, hainbat unetan guztiz moztuta egongo dela. Mozketak egiterakoan seinaleztapena eragingo dion tartean muturretan jarriko dutela ere aurreratu dute.

Hiru zatitan banatuko dute lanerako eremua: urriaren 5etik 16ra, esan bezala, Tolosako Artzabaltza industriagunean ariko dira; urriaren 19tik abenduaren 11ra Tolosako Artzabaltza industriagunetik hasi eta kanalaren alboan doan bizikleta bide osoan ariko dira, zentral elektrikoraino; eta abenduaren 14tik 25era, berriz, Alegiako ibaiaren alboko tartean ariko dira. Asfaltatze lanak, berriz, abenduaren 21etik 31ra egingo dituzte, eta beharren arabera moztuko dute ibilbidea.

Alegia eta Tolosa arteko bidegorriko lanen faseak

  1. fasea: 2026/10/05 – 2026/10/16. Tolosako Artzabaltza industriagunearen atzean dagoen tartea.
  2. fasea: 2026/10/19 – 2026/12/11. Tolosako Artzabaltza industriagunetik hasi eta zentral elektrikoraino, kanalaren alboan doan bizikleta bide osoa. Tarte horretan faseka egingo dituzte lanak eta lanean ariko diren eremua soilik moztuko dute. Bidearen tarte bat erabilgarri egon arren, ezingo da osorik egin Alegiatik Tolosarainoko ibilbidea, ezta alderantzizko norabidean ere.
  3. fasea: 2026/12/14 – 2026/12/25. Alegian, ibai alboko tartea.
  4. fasea: 2026/12/21 – 2026/12/31. Asfaltatze lanak. Zatika moztuko dute ibilbidea, baina asfaltatze lanak ibilbide osoan zehar daude banatuta. Hori horrela, beharren arabera egingo dituzte mozketak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!