Etxebizitza Sindikatuak esan du etxebizitzaren krisiari oinarrizko erantzuna emateko deitu dituela asanbladak hiriburuetan, urriaren 2rako. Donostiako asanblada Bulebarrean izango da, 18:00etan hasita, eta eskualdeko sindikatutik bertaratzeko deia egin dute. Ekimenaren helburua abian dituzten aldarrikapenak, borrokak eta lan ildoak bertatik bertara ezagutaraztea izango da.
Sindikatuaren ustez, Espainiako Gobernuaren azken dekretua «partxe hutsa» da, «eta espekulazioa debekatzea nahiz etxebizitza oinarrizko eskubide gisa planifikatzea» eskatu dute. Gehitu du etxebizitzaren egoera larria dela, eta dekretuak ez diola auziari heltzen. «Partxeekin nekatuta gaude. Etxebizitza eskubidea bermatzeko, osasungintzan edo hezkuntzan bezalaxe, egiturazko neurriak eta ausartak behar dira». Bide horretan, ezinbestekotzat jo dute espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa bera erabat debekatzea eta etxebizitzaren kudeaketa gizarteko beharren arabera planifikatzea.