Larunbatean jokatu zuten Judo Klub Tolosako Joseba eta Unai Regillaga amezketarrek eta Joseba Etxarri eta Unai Saralegi tolosarrek Nage No Kata diziplinako Munduko Txapelketa Sarajevon (Bosnia eta Herzegovina). Emaitzak ez dira onak izan, eta zapore gaziarekin itzuli dira etxera.
Sailkapen fasean hiru multzo egin zituzten antolatzaileek, eta bakoitzeko lehen hirurek lortu zuten finalerako txartela. Munduko ranking-a dela eta, bi bikoteak multzo desberdinetan kokatu zituzten. Joseba Regillagak eta Etxarrik teknikoki lan ona egin zuten, baina indar falta sumatu zitzaien, eta ez ziren guztiz fin aritu. Finalera sailkatzeko nahikoa izango zela uste bazuten ere, azkenean multzoko laugarren izan ziren, eta ezin izan zuten dominen lehian aritu.
Unai Regillaga eta Saralegi, berriz, bikote indartsuen multzoan egokitu ziren. Lan ona egin zuten, eta multzoko bigarren tokian sailkatu ziren finalera. Finalean ere lan ona egiten ari ziren, baina azken uneko mugimendu batean akats larri bat egin eta dominaren bat lortzeko aukera guztiak galdu zituzten. Azkenean, zazpigarren izan ziren. Munduko txapelketa sentsazio ez hain onekin bukatu arren, laukoteak lanean jarraituko du datorren urtean emaitzak hobetzeko helburuarekin.
Ongay, zazpigarren
Bestalde, aurreko asteburuan (irailak 20-21), beteranoen munduko txapelketa jokatu zen Bosnia eta Herzegovinako hiriburuan, eta bertan parte hartu zuen Maria Ongay tolosarrak, 57 kiloz azpikoen kategorian. Final-laurdenetan Vanessa Martin frantziarraren aurka galdu zuen, ippon bat jasota. Txapelketan jarraitzeko bigarren aukera bat izan zuen, Angelique Duriez frantziarraren aurka, baina beste ippon bat jasota dominen lehiatik kanpo geratu zen. Azkenean, zazpigarren izan zen.