Ehundik gora kirolarik parte hartu zuten larunbatean Zarauzko Mendi Duatloiaren lehen edizioan. Euskal Mendi Duatloi Zirkuituko bigarren proba puntuagarria izan zen, eta 47 lagun lehiatu ziren bakarkako modalitatean eta 28 bikote errelebokakoan. Ia 20 kilometroko –korrika sei, bizikletan 12 eta korrika 1,5– eta desnibel positibo handiko ibilbidea osatu zuten, kanpinaren eta Talaimendiren inguruan.
Gizonezkoetan, Aitor San Sebastian zizurkildarrak lortu zuen garaipena. Proba hasieratik buruan joan zen, baina bizikleta hartu zuenean hautsi zuen proba; bigarren erdia bakarrik egin zuen. Azkenean, ordubete, 14 minutu eta 40 segundo behar izan zituen. Endika Mantecon segurarra izan zen bigarren (1.15.35) eta Alexander Ordeñana usansolotarra hirugarren (1.16.22). Zirkuituko lehen proba puntuagarrian –Asteasun– garaile izan zen Eneko Gurrutxaga amasarra izan zen laugarren (1.17.50).
Emakumezkoetan, berriz, Izarne Mayoz asteasuarra bigarren postuan helmugaratu zen, Maite Murgia lazkaotarraren atzetik. Lehen erdian, elkarrekin joan ziren lasterketa buruan. Bizikletako zatian, ordea, erritmoa bizkortu zuen lazkaotarrak, eta amaieran, lau minutuko aldea atera zion asteasuarrari. 1.45.27ko denbora egin zuen Murgiak; Mayozek, berriz, 1.49.38koa. Eli Thomas zarauztarra izan zen hirugarren (1.57.20).
