Ibarrako Alurr dantza taldeko kide bati haren amonak kontatutakoa da. Hamaikua esaten omen zitzaion Bergaran elizako kanpaiak jotzen ziren uneari. Deiadar moduko bat zen, festa bukatu zela iragartzeko eta jai giroan zebiltzanak etxera joateko.
«Gure arbasoen erritmo eta herritartasunaren arnasa berreskuratzera gatoz, dantza berriak sortuz, baina zaharrak mantenduz. Jalgi gaitezen plazara, eman eskutik elkarri, dantzak plaza behar duen bezala, plazak dantza baitu giltzarri». Hala dio Hamaikua ikuskizunaren sinopsiak, eta plaza dantzaz betetzeko dei horri heldu dio Alurrek bere kale-ikuskizun berrian.
Maiatzaren 24an Ordizian estreinatu ondoren, kale-ikuskizuna herriz herri ibili da, besteak beste, Lekeition, Altzon, Donostian, Azpeitian, Bedaion eta Bidanian. Bihar, urriaren 3an, 18:00etan eskainiko dute Albizturren.
Orain arteko emanaldietan harrera ona izan dutela aipatu du Nagore Zabalak (Ibarra, 1995). Bera da dantza-ikuskizunaren zuzendaria, eta hark sortu ditu koreografietako batzuk. «Euskal dantzetan dut jatorria eta asko gustatzen zaizkit hemengo dantza tradizionalak, ohiturak eta kultura. Garai batean horrek guztiak zuen indarra islatu nahi nuen emanaldian, eta dantzaren bidez kontatu nola moldatu eta iraun duten gaurdaino».
Nagore Zabala: «Dantzek izan duten indarra islatu nahi nuen emanaldian, eta kontatu nola iraun duten gaurdaino»
Hortik abiatuta, garai bateko plazetako festa eta tradizioei erreparatu diete, baita dantzak harremanak egiteko zuen funtzioari ere. «Eguneroko bizimoduaren keinu eta ohiturek ere dantza itxura hartzen zuten, mugimendu xumeak erritmo bilakatzen ziren», dio Zabalak.
Dantza horiek denboran zehar izan duten aldaketa ere bada Hamaikua ikuskizunak jorratzen duen beste gaietako bat. Gogoeta bat sortu nahi dute publikoarengan: «Nor aldatzen da gehien, mundua ala gu? Guk aldatzen dugu mundua? Hala munduak aldatzen gaitu gu?».
Tradizioaren eta aldaketaren arteko tentsio horretatik osatu dituzte 40 minutu inguruko dantza-ikuskizuneko koreografiak. Lau dantza egin dituzte lehen zatian, eta beste hiru bigarrenean. Bi zatien arteko trantsizioak ere badu bere koreografia berezia, musikaz lagunduta, eta amaieran agurra egiten dute.
Zabala bera aritu da lehen zatiko koreografiak sortzen, eta bigarren zatikoak, dantza garaikidearen kutsu handiagoa dutenez, Aimar Odriozolaren laguntzarekin osatu ditu. «Tolosaldean dantzari asko ditugu, ezagunak eta maila handikoak, hainbat dantza estilotan ibiltzen direnak. Aimarri laguntza eskatu nion bigarren zatiko koreografia garaikideak osatzeko, eta baiezkoa erantzun zidan. Oso elkarlan emankorra izan da», aipatu du Hamaikuako zuzendariak.
Tradizioaren barruko tentsio moduko hori emanaldiko elementu bisualetan ere islatzen da. Ikuskizun osoan zehar kolore gorriak presentzia handia du, eta bi munduen arteko aldea dantzarien jantzietan ere ikusten da. Hasierako zatian, jantzi tradizionalekin lotutako arropa erabiltzen dute dantzariek; bigarren zatian, berriz, arropa garaikideagoa, dantzariek eroso darabiltena. Alurr dantza taldeko Eli Nosellas arduratu da Hamaikuarako jantziak sortzeaz.
Harmonia bat bilatu dute musikei dagokienez. Elkarrengandik oso ezberdinak ez izaten saiatu dira, eta Xabi Aburruzagaren, Kherauren, Iñaki Palacioesen edo Habia taldearen kantuak aukeratu dituzte.
Lantalde zabala
Ibarrako Alurr dantza taldeak iaz bete zituen 30 urte. Gaur egun ere, adin-talde desberdinetako dantzariak dabiltza, eta Hamaikuan 18 urtetik gorakoek parte hartzen dute. Ikuskizunean, ez denak aldi berean, baina guztira 19 dantzari aritzen dira.
Nagore Zabala: «Normalean dantza taldeko gazte guztiek izaten dute aukera emanaldietan parte hartzeko»
«Normalean dantza taldean dabiltzan gazte guztiek izaten dute aukera emanaldietan parte hartzeko. Herriko taldea gara, eta gustatzen zaigu gazteei horrelako ikuskizunetan parte hartzeko aukera ematea», esan du Zabalak. Zerrenda bat osatzen dute, eta une bakoitzean zeinek parte har dezakeen ikusita erabakitzen dute emanaldirako taldea.
Ikuskizunaren zuzendariak esan du Alurren, beste hainbat taldetan bezala, neska gehiago ibiltzen direla mutilak baino. Hala ere, taldean sei mutil dituztela esan du, eta gaur egungo egoerari begiratuta pozteko moduko kopurua iruditzen zaio. «Garrantzitsua da mutilak ere gurea bezalako dantza taldeetara animatzea».
Kale-ikuskizun gisa pentsatu zuten hasieratik Hamaikua. Espazio zabal samarrak behar dituzte horretarako, herriko plazak edo frontoiak, esate baterako. 10×10 metroko espazioa erabiltzen dute. 19 dantzarik parte hartzen dute, baina haiekin batera, uneoro eszenan sei aulki egoten dira, eta haiek ere badute protagonismoa ikuskizunean.
Aurreko urteetan Alurrek Laia izeneko ikuskizunarekin aritu izan da lanean, eta harrera bikaina izan du. Taldekideek bazuten, ordea, zerbait berria sortzeko gogoa. Hortik sortu da Hamaikua.
Nagore Zabala: «Datorren ikasturte honi begira, 'Hamaikua'-ren aretorako bertsioa prestatzen ari gara»
«Gustatuko litzaiguke ikuskizunari luzapen bat ematea, eta datorren ikasturte honi begira, Hamaikuaren aretorako bertsioa prestatzen ari gara, ordubete inguruko iraupena izango duena. Gure asmoa da emanaldiak bi formatu edukitzea: bat kalerako, eta bestea barruko espazioetarako». Hala ere, oraindik ere aukera dute euren herrira edo auzora ikuskizuna eraman nahi dutenek. Taldekideekin jar daitezke harremanetan horretarako, aurrez aurre edo, bestela, taldearen Instagram kontuaren bidez: @alurrdantza.
Bihar izango da Albizturren Alurrekoen sorkuntza berriaz gozatzeko aukera. «Askotan pantailaren bestaldetik ikusten dugu dena, baina aurrez aurreko ikuskizun hauek ederrak dira. Nik animatuko nuke jendea horrelako ekitaldietara joatera. Ez bakarrik dantza saioetara, kontzertuetara, antzerkietara eta bestelako kultur jardueretara. Gure kultura bizirik mantentzen laguntzen digute guregana etortzen diren ikusleek».



