Bedaio Tolosako udalerritik bereizi eta Amezketako udalerriari eransteko prozesuak aurrera jarraitzen du. Hain justu, pasa den ekainean berariaz osatutako erakunde arteko mahaiak erabakitako bide-orrian zehaztutako pausoa eman dute Amezketak eta Tolosak. Bi udalerrietan atzo egin zituzten osoko bilkuretan aho batez eman diote onespena udal-ekimena hartzeari, espedienteari hasierako onarpena emateari eta jendaurreko erakustaldiaren izapidea abiarazteari.
Erabakia erakunde arteko prozesu baten ondoren iritsi da eta hor parte hartu dute Tolosako eta Amezketako udalek, Bedaioko auzotarren ordezkariek eta alderdi politiko guztiek. Azken hilabeteetan egindako azterlan teknikoek egiaztatu dute proposamenaren bideragarritasun ekonomikoa eta administratiboa.
Prozesuaren aurrekariek eta egindako azterlanek erakusten dute Bedaio Tolosaren gainerako lurraldearekiko jarraitutasunik gabeko landa-auzoa dela, hirigunetik 17 kilometrora dagoena, eta Amezketarekin harreman geografiko eta soziofuntzional estuagoa duela. Testuinguru horretan, Bedaioko auzotarrek behin baino gehiagotan adierazi dute Amezketara atxikitzeko nahia, hartara, auzoaren beharrei modu egokiagoan erantzuteko, udal-zerbitzuak hobeto antolatzeko eta etorkizuneko garapen iraunkor eta integralari begira aukera berriak zabaltzeko. Siadeco Ikerketa Elkarteak egindako azterlan teknikoen arabera, udalerri-aldaketa ekonomikoki eta administratiboki bideragarria da bi udalerrientzat, eta ez lieke kalterik eragingo ez Tolosako ez Amezketako interes orokorrei.
Hori horrela, eta osoko bilkuretan udal-ekimena eta espedientearen hasierako onarpena onartuta, prozesuak hurrengo faseari ekingo dio: espedientea jendaurrean jarriko da, gutxienez 30 egunez, herritarrek aukera izan dezaten dokumentazioa aztertu eta egoki iritzitako erreklamazioak edo ekarpenak aurkezteko. Ondoren, Gipuzkoako udal-barrutiak arautzen dituen 2/2003 Foru Arauak ezarritako gainerako izapideak egingo dira, tartean bi udalbatzen behin betiko erabakia eta Bedaion hautesleen iritzi ez-loteslea jasotzea, espedientea Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali aurretik.
Bedaiotarren nahia
Tolosako Udalak azpimarratu du prozesuaren helburua dela Bedaioko auzotarren borondatea eta beharrak kontuan hartzea, gardentasunez, parte-hartzearen bidez eta indarrean dagoen araudiak ezarritako berme guztiekin. Andu Martinez de Rituerto alkateak gogoratu du Bedaioko bizilagunek aspalditik adierazitako nahia dela. «Haien ustez Amezketan integratzeak hobeto erantzun diezaieke auzoaren egungo eta etorkizuneko ezaugarriei eta beharrei. Nahi hori askotan adierazi badute ere, argi adierazi zuten 2025eko martxoan egin zuten herri bozketan». Ordutik lanean jarraitu dutela foru arauak eskatzen dituen txosten eta dokumentazio eta eginbideak osatzen azaldu du.
Rituertok onartu du gaiarekiko «sentimendu nahasiak» dituela. «Baina, nire ustez, guztiaren gainetik, bedaiotarren nahi irmoa dago. Ahaztu gabe foru arauak horrelako prozesuak arautzen dituela, eta arau honek ezarritako baldintzak betetzen direla».
Foru arauaren aldaketa
Bere aldetik, Tolosako EAJk esan du, prozesuari baiezkoa eman arren, euren apustua beti izan dela Bedaio Tolosa izaten jarraitzea, bedaiotarren eskariak eta nahiak asetzen saiatzea, baina udalerri aldaketarik gabe, erdibideko konponbideak aztertuz. Era berean, gogoratu du, gaur gaurkoz araudia dagoen bezala, norantza bakarreko bidea egitera doala Bedaio. «Bedaio Amezketa izan daiteke arauaren arabera, geografikoki mugakide direlako, baina prozesu hau amaieraraino iristen bada, eta hala gertatuko dela dirudi, Bedaio Amezketako auzo bat gehiago bihurtzen denean, ez du atzera Tolosa izateko aukerarik izango berriz ere; Bedaio eta Tolosako herrigunea, ez baitira mugakide». Zentzu horretan, EAJk esan du arau aldaketa baten bideragarritasuna aztertuko duela, «behar den lekuetan ate hau irekita uzten saiatzeko, foru araua eta foru arauaren gainetik dagoen legedia egokitzeko, aukera hau jasoa gera dadin, gaur araudiak jasotzen ez duena».
«Tramite bat besterik ez da»
Tolosako Udalean egindako osoko bilkuran bedaiotarren ordezkaritza bat izan da. Onespena eman zaion prozesua euren egunerokotasunaren ofizialtasun bat, tramite bat, besterik ez dela esan dute. «Bedaiotarrek nahi dugu Bedaio Euskal Herriko paisaiaren parte izaten jarraitzea, eta uste dugu Tolosaren itzalak ez duela hori bermatzen».