Mintzalaguna ekimenean izena emateko aukera zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria

Mintzalagun talde bat, pasa den ikasturtean egindako bilkura batean. GALTZAUNDI

Euskara taldean praktikatu nahi duten pertsonak biltzen ditu, eta Taupak mintzapraktika sarean egiteko aukera eskainiko du ikasturte honetan.

Mintzalaguna egitasmoak ikasturte berriari ekin dio, eta dagoeneko Tauparen bazkide diren zenbait elkarte eta udaletan Mintzapraktika taldeetan izena emateko epea zabaldu dute; tartean da Galtzaundi Tolosaldeko Euskara Taldea. Mintzapraktikak, funtsean, euskara taldean eta aisialdian praktikatzea nahi duten pertsonak biltzen ditu. Egitasmo honetan parte hartzeko, gutxienez, euskara ondo menderatzen duen pertsona bat eta hizkuntza praktikatu nahi duen lagun talde bat elkartuko da, modu boluntarioan eta adostutako maiztasunarekin elkarrizketan aritzeko.  

Egitasmoa, ordea, hori baino askoz gehiago dela adierazi dute bultzatzaileek: «Ingurune akademikotik kanpo euskara erabiltzen hasteko edo gehiago erabiltzeko aukera bat da, epairik gabe, ebaluaziorik gabe, testuinguru eroso eta atseginean. Jende berria ezagutzeko aukera da, harremanak euskaratik eta euskaraz eraikitzeko, gure ikuspegia zabaltzeko, komunitate handi baten parte izateko. Euskarari ematen diogun aukera bat da, ezin izan dugulako nahibeste hitz egin, gure buruari mugak jarri dizkiogulako edota lotsa edo beldurra sentitu dugulako. Eta, zergatik ez, gure buruari ematen diogun aukera bat da».

Aurrez edo sarean

Eskualdean badira honen bueltan dabiltzan hainbat talde, esaterako, Anoetan, Ibarran, Iruran, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. Ikasturte honetan, berriz, Mintzaparaktika sarean egiteko aukera zabaldu dute. Horrela, Mintzapraktika talderik ez duenak, aurrez aurre bertaratzeko zailtasunak dituenak edo atzerrian bizi den euskaltzaleak aukera izango du bere taldea sarean osatzeko, eta, nahi duenean, aurrez aurreko ekintzetarako bertaratzeko. 

Izen ematea

Izena emateko interesa dutenek eta bidelaguna izan nahi dutenek euskara ongi edo erraz jakin beharko dute, eta bere eginkizuna taldeari edo beste pertsonari euskaraz hitz egiten laguntzea eta solasaldia bideratzea izango da; bestetik, bidelaria izan nahi dutenek, euskara ikasten ari den edo bere maila hobetu eta praktika gehiago lortu nahi duena izango da.

Egitasmoaren inguruko informazio gehiago nahi duenak Galtzaundiko egoitzara bertaratuta eskuratu dezake edo galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera idatzita, 943 65 50 04 telefono zenbakira deituta edo online formularioa beteta lor dezake.

Erronka

Joan den ekainean Iruñean ospatu zen Euskaltzaleon Martxan iragarri zuen Taupak, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gainerako bazkideekin batera, euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronka: datozen 10 urteetan, urtean 15.000 herritar baino, 30.000 euskalduntzea, euskararen erabilera % 15,3tik % 20ra pasatzea, Euskal Herriko hiru administrazioek hizkuntza politiketara bideratutako aurrekontua batez besteko % 0,45etik % 2ra igotzea eta euskara bere lurralde osoan ofiziala izatea, alegia. 

Taupak bere jarduna erabileraren sustapenean kokatzen du bereziki. Horretarako, Mintzapraktika egitasmoa gakoa da; izan ere, hiztunak ahalduntzen ditu, euskara eremu mugatu batetik bere bizitzako esparru guztietara hedatzeko eta erronka kolektibo bati ekarpena egiteko aukera eskainiz. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!