Azoka bete asteburu

Aitor Arroyo Askarai

Iazko Alegiako azoka, udaletxeko plazan; aurten ikastetxeko jolastokian izango da. L. CARRASCO

Artisau azoka bereziak egingo dituzte asteburuan Alegian, Amezketan, Asteasun eta Bidania-Goiatzen. Bertara joateko garraio publikoa lehenesteko eskatu dute.

Urtaroz aldatzearekin batera, azokaz beteta datoz asteburuko egunak. Ostiralean Amezketan asteroko azoka egingo dute, baina postu eta jarduera gehiago ere izango ditu oraingoan. Igandean, berriz, hiru herritan egongo dira nekazaritza eta artisautza azokak, hain zuzen, Alegian, Asteasun eta Bidania-Goiatzen.

Amezketako Elikalur elkarteko Jokin Artola kideak kontatu du urtaro aldaketa bakoitzean antolatu dutela azoka «bereziagoa»: «Izatez, ostiralero egiten da azoka, eta urtaro aldaketa bakoitzean postu pare bat gehiago jartzen saiatzen gara». Beti postu antzekoak izaten direla ere azaldu du, baina produktuak aldatzen direla garaiaren arabera: «Batzuetan moxal haragia izaten dugu, txekor haragia beste batzuetan... Balerdipekoak ere etortzen dira eztia dutenean». Txanda honetan, ohiko postuez gain, gonbidatu bezala hartuko dute parte Osabi kosmetika natural artisauak, Zidernaut edarien ekoizleak eta Basoberri basa fruituen ekoizle eta artisauak. 

Ohiko eta aparteko ekoizleez gain, gaztain erreak saltzeko postu bat ere jarriko dute. «Garaian garaikoa eskaintzea da kontua, eta Euskal Herriko gaztain erre berriak dastatzeko aukera izango dute herritarrek», horrela hitz egin du Artolak azokaren inguruan, eta beste berezitasun bat ere aipatu du, hain zuzen, erosketak egiteagatik txartel bana jasoko dutela bezeroek, eta azokaren amaieran saski bat zozketatuko dutela: «Udazkeneko kutixiekin osatu dugu saskia, baina ez dugu aurreratuko produktuak zein diren. Egunean bertan ikusi ahal izango dira». Bestalde, egun berean, 19:00etan, Haria ikuskizuna egingo dute Larrunarri pilotalekuan, eta bertara joateko gonbidapena ere luzatu du Artolak.

Asteasuko azoka berezia

Igandean ganadu, artisau eta elikagai Azoka Berezia egingo dute Asteasun. Merkatua, guztira, 60 postuk osatuko dute, eta horietatik herritarrenak izango dira hamar. «Eskaintza zabala» izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta produktuen artean aipatu dituzte askotariko elikagaiak, artisautza produktuak, eta bigarren eskuko artikuluak.

Aipatutako eskaintzatik harago, Azoka Solidarioa postua jarriko dute herriko gazteek, eta irabazten dutena El Salbadorrera bidaliko dute, Asteasurekin senidetutako herrira. Hari berari tiraka azaldu dute herritarrek aukera izango dutela produktuak erakusteko eta lehiaketan parte hartzeko, eta zentzu horretan aipatu dituzte arroz esne eta kalabaza lehiaketak: «Aurten, berezitasun modura, tomateak ere izango ditugu». 

Azokaz gain «ia galbidean» dauden lanbideen erakusketa ere izango da, eta goizean zehar ferratze lanak, gaztagintza eta forja erakustaldiak ere egingo dituzte. Eta lanbideak ez ezik, Ibargaiko zelaian 150 animalia burutik gora ikusteko aukera egongo da, horien artean, behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak.

Asteasuko Udaletik nabarmendu dute autobus zerbitzu berezia prestatuko dutela egun horretarako: «Autoek industriagunean aparkatu beharko dute, eta bertatik plazara joateko autobus zerbitzua egongo da 10:30etik 15:00etara».

Hemeretzigarren edizioa

Igandean izango da, halaber, Alegiako XIX. Artisau eta Nekazal Azoka Berezia. Alegiako Regina Sorarrain alkateak azaldu du «inoiz baino postu gehiago» izango dituztela aurten: «Igandean 48 postu izango ditugu, inoiz baino gehiago, eta gehienak artisauak izango dira. Eskualdeko zein kanpoko ekoizleak eta artisauak bertaratuko dira, eta erakusleiho bat izango da Alegia eskulangintza bere zabalean biltzeko». Urtez urte postuen kopurua hazten ari dela kontatu du, eta aurtengoa «azoka jantzia» izango delakoan dago.

Edizio honetan «aldaketa garrantzitsu bat» izango dela ere nabarmendu du Sorarrainek, hain zuzen, lekuz aldatuko dute azoka: «Orain arte udaletxeko plazan egin izan dugu, baina postu kopurua dela-eta, ez zen kabitzen bertan, eta eskoletan izango da estreinakoz». Leku aldaketa positibotzat jo du alkateak, besteak beste, aterpea izango duelako azokak eta, modu horretan, babestuta egongo delako euria zein eguzkia eginda ere. 

«Lehen sektorearekin dugun konpromisoari tiraka antolatzen dugu azoka, eta bertaratzen direnek aukera paregabea izango dute kalitatezko produktuak bertatik bertara eskuratzeko», horrela hitz egin du Sorarrainek azoka antolatzeko arrazoien inguruan, eta bertaratzeko garraio publikoa lehenetsi behar dela ere nabarmendu du: «Alegiara trenez zein autobusez etor daiteke jendea, eta hori lehenetsi behar da. Autoz etorriz gero, berriz, Larraitz auzoan zein Fabrensa industriagunean izango dute aparkatzeko nahikoa leku». 

Kultur asteko azoka

Bidania-Goiatzen XXXV. Kultur Astea ari dira egiten eta, horren barruan, azoka izango dute igandean. Goiazko plazan eskainiko dituzte produktuak hainbat ekoizlek eta artisauek, eta merkatua girotzen ariko dira Alaitz Aramendi eta Garazi Zubizarreta trikitilariak. 

Azokaren barruan eskualdeko eta inguruko ekoizleek zein artisauek jarriko dituzte postuak, eta herritarrek ere jarriko dute gune bat barazkiekin eta postreekin. Merkatuaz harago, herriko talogileek jarriko dute postua eta sardina erreak jateko aukera ere egongo da; ildo beretik, janariarekin batera, sagardoa eta txakolina edateko parada ere eskainiko dute. Eskaintza borobiltzeko, berriz, Txalo ekoiztetxearen Amak antzezlana intepretatuko dute eskolan, 18:00etan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!