Hasi da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Iruñeko finalerako ibilbidean Tolosaldetik hiru bertsolari ariko dira jarritako gaiei abesten: lehen fasean hasiko dira kantari Oihana Iguaran (Amasa, 1991) eta Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992), eta finalaurreko lehenengo itzulian igoko da oholtzara Aitor Mendiluze. Iguaranek Donapaleun (Nafarroa Beherea) izango du lehenengo saioa, urriaren 3an, eta astebete geroago, urriaren 10ean Gotaine-Irabarnen (Zuberoa) abestuko du estreinakoz Mendizabalek. Banaka kontatu dituzte txapelketa hasi aurreko sentipenak, helburuak eta aurreikuspenak, eta argazkietarako elkartu dira, prestatzeko saioa batera egitekoak zirela-eta.
Zer moduz sentitzen zara?
Oihana Iguaran: Hitz batean esateko: gogotsu. Niretzat hirugarrena izango da. Uste dut oraindik asko daukadala ikasteko, eta ikasi dudana erakusteko bide ere eman dezakeela. Hori pertsonalki, eta kolektiboki ere oso interesgarri dator. Zazpi saio izateak ahots berri batzuk sartzea ahalbidetu du, gazte gehiagoren presentzia ere bermatu du, eta hor datoz beste bertsokera, interes eta egoteko zein egiteko modu batzuk. Oso interesgarriak egiten zaizkit, eta uste dut txapelketa honetan ikusi egingo dela oholtzetan nabaritzen aritu garen askotariko bertsolaritza hori.
Unai Mendizabal: Hasieran nagikeria pixka bat eman dit, baina hurbildu ahala bertso eskoletan denbora gehixeago eskaintzen ari gara, eta neure buruarekin gusturago nago. Azkenean, eguna iristeko gogotsu, egia esan.
Nola joan dira prestatzeko lanak?
Mendizabal: Batez ere bertso eskolan elkartu eta horrela aritzen naiz txapelketa prestatzen. Uda aurretik hasi ginen maizago elkartzen eta txapelketara gehiago begiratzen duten ariketak egiten; baina udan mantentzea zaila izaten da, eta etenalditxo bat ere egin dugu. Bueltan, ordea, maiztasuna handitu dugu, eta saiatzen ari naiz jende ezberdinarekin elkartzen, txapelketako ariketak egiten, bertso kideekin elkarri iritzia eta aholkuak ematen... Hori izaten da gure entrenamendua normalean.
Iguaran: Zaila da erantzutea; pixka bat intuizioz abiatzen gara. Uste dut txapelketa garaiak badakarrela geure burua luparekin aztertzea, eta aritzen gara identifikatzen gure hutsuneak edo indarguneak zein diren. Saiatzen zara herrenago sumatu zaren arlo horiek bereziki lantzen; eta baita proposatzen dituzten ariketak eta saioak entseatzen ere.
Txapelketa honetan zeri abestu nahiko zenioke?
Mendizabal: Ez daukat halako zehaztasunik. Tokatzen zaizun gaia tokatzen zaizu, eta hari kantatu behar diozu. Pentsatzen dut txapelketak gaurkotasunetik izango duela, eta horri abestuko diogu. Bakarkakoan bertsolaria libreago izaten da nahi duen bidea aukeratzeko, baina ez daukat aurretik zehaztutako gairik; burura etortzen denari helduko diogu, eta aurrera.
Iguaran: Uste dut momentuaren arabera aldatzen dela. Baditut —eta denok dauzkagu— kezkatzen nauten gaiak: oraintxe zein norabide hartzen ari den mundua, giza eskubideak non geratzen ari diren… Aldi berean, ariketa pertsonala da mundu mailako kezka horiek norberaren egunerokora ekartzea eta zer egin dezakegun lantzea; kezkatzen gaituzten horiek gure inguruan zein aurpegi erakusten duten ikusten saiatzea. Kantatu nahiko nuke jendearentzat gertukoa izan daitekeen horretaz. Horregatik abiatzen naiz nire kezketatik, neroni ere testuinguru batean bizi naizelako eta euskal herritar zein belaunaldi bateko kide bezala, teorian, beste batzuk ere sentituko dituztelako antzeko kezkak.
Zer espero duzu txapelketa honetatik?
Mendizabal: Ez daukat aurreikuspenik. Lehenengo fasea dator, eta ikusita zenbat bertsolari gauden eta ataka zeinen estua den... Nire helburua da lehen fase honetan zerbait txukuna egitea, neure buruarekin gustura geratzea; eta hurrengo fasera pasatzen baldin bagara oso ondo, baina ez baldin bagara pasatzen ere, oso ondo. Lehenengo fase honetan dut gogoa, eta ahal den ondoen eta ahal den saiorik duinena egiten saiatuko naiz.
Iguaran: Txapelketa entzuteko gogo handia dut. Lehen fasean egongo dira txapelketa batean sekula parte hartu ez duten ahots berri pila bat; batzuk nik uste harrituta utziko gaituztela mailarekin, plazan antzematen baitzaie. Uste dut jendeak ikuspuntu eta bertso molde interesgarriak dakartzala. Antolatzaileek esan zuten lehenengoz parte hartzeko eskubidea dugun guztiok hartuko dugula parte. Aldi berean, iruditzen zait mugarri izango dela, posible delako belaunaldi baten azkena izatea; ez dakit belaunaldi hori noraino zabalduko den, baina uste dut seguru asko Maialen Lujanbio azkenekoz arituko dela. Inoiz ez bezalako aukera dauka Andoni Egañaren errekorra berdintzeko. Uste dut mugarri izango dela txapelketa bera ere, eta guk horren parte izan nahiko genuke, noski.
Oihana Iguaran: «Uste dut mugarri izango dela txapelketa, eta horren parte izan nahiko genuke, noski»
Donapaleun abestuko duzu, urriaren 3an. Nolako saioa aurreikusten duzu?
Iguaran: Taldean dauden guztiak dira entzutekoak. Iñaki Viñasprerekin izan ezik, beste guztiekin kantatzeko aukera izan dut aurrez. Roblesek, Alkaizak eta Arregik azken urteetan izan duten bilakaera izugarri horretan, aspaldi ez gara elkarrekin tokatu, eta gogo handia dut beraiekin kantatzeko. Eneko Lazkozekin azkenekoetan abesteko aukera izan dut, eta iruditzen zait bertsolari oso-oso langile bat, eta, orokorrean, taldean esango nuke denak direla ondokoa entzuteko joera dutenak. Oso inportantea da elkar entzuten eta elkarri erantzuteko prestasun bat duten bertso kideak izatea ondoan. Ondo moldatuko garela uste dut, tentsioan ordu batzuk konpartituko ditugu, eta uste dut taldeari begira egongo den jendea tokatu dela, eta hori nik asko eskertzen dudan gauza bat da. Atsegina izango da guretzat, bere trantzearen eta urduritasunaren barruan, jakina.
Gotaine Iribarnen hasiko zara urriaren 10ean. Zer aurreikusten duzu?
Mendizabal: Iruditzen zait oso saio ona tokatu zaidala. Illarregi Nafarroako txapelduna da, Enbeita Bizkaikoa izan zen aurrekoan, Etxebarriazarraga Bizkaiko gaur egungo txapelduna da, Zapiain Nafarroko taldean sartu zen, Rekondo Gipuzkoako finalean aritu zen... Kartela fuertea da, eta saio ona izateko aukera handiak ditu. Hortik aurrera, oso irekita ikusten dut.
Unai Mendizabal: «Iruditzen zait oso saio ona tokatu zaidala [...] Oso irekita ikusten dut»
Helbururik jarri al diozu zeure buruari?
Iguaran: Lehen esan dudan geure buruari irudikatzen dizkiogun etxeko lan horietan, badauzkat puntu batzuk hobetzeko erronkarekin hartu ditudanak. Lehenengotik izan nuen aukera hiru saiotan kantatzeko, eta aurten ere beste hainbeste nahiko nuke, azkenean, hiru plaza direlako. Gero, uste dut oraindik badudala gora egiteko aukerarik, baita mailan ere, ez klasifikazioan bakarrik. Eta horretan saiatuko naiz: neure buruari sabai hori eranzten eta gora begira joaten.
Mendizabal: Ez dut helburu zehatz-zehatzik. Erakutsi nahiko nuke Euskal Herrikoan sartu nintzela Gipuzkoan sailkatuta bigarrenez, eta ez dela zorte edo kasualitate kontua. Alegia, bertsotan egiten badakidala; horixe erakutsi nahiko nuke. Helburua da Euskal Herriko txapelketaren neurriko saio bat egitea eta nire onena ematea.
Eskualdeko hiru bertsolari izango zarete txapelketan. Zer esan nahiko zenieke besteei?
Mendizabal: Aitorrena [Mendiluze] jakina da, hainbat final daramatza, eta azkenengoetan beti txapeletik oso gertu ibili da. Aurten ere espero dut txapeletik gertu ibiltzea edo txapelaren azpian ikustea. Bertsozale bezala gustatuko litzaidake, eta animo asko berari.
Oihanak, berriz, nik uste finalean sartzeko aukerak badituela. Aukera horietan sinesteko esango nioke, emateko bere onena eta goza dezala. Bere onena ematen baldin badu saio ederrak entzungo ditugu, eta bide beretik iritsiko da azken lehiara.
Iguaran: Uste dut Unai Mendizabalek ere sabaia oraindik urratu gabe daukala. Badirudi azken urteetan eman duen hori dela bere maila, baina ikusi dut isilean zein lan egiten ari den, eta esango niokeena da sinesteko egiten ari den lan horretan. Aurreko Gipuzkoakoan uste dut finala ukitu zuela, eta kantatzeko moduan zegoen, esango nuke sinetsi izan balu oso eskura zuela. Gozatzea opa diot, eta erakutsi ahal izatea zenbat lan egin duen azken denboraldian.
Eta Aitor [Mendiluze], bueno... Plazaz plaza tokatu zait berarekin; sekulako mailan, beti. Harrigarri. Espero dut elkarrekin abesteko parada eskaintzea txapelketa honek; hori ere ez baita beti ziurra izaten. Aurrekoetan tokatu izan zait, eta saio batean berme bat da Aitor. Uste dut berak ere badituela oraindik erakutsi ez dituen kartak, oraindik badituela aurpegi gehiago, eta deskubritzeko aukera ematen badigu gustura hartuko ditugu. Ea zerekin harritzen gaituen.