Ehundik gora gazte ariko dira Tolosaldeari buruz

Tolosaldeko Ataria

Erantzun bikaina izan du ATARIAk, Laboral Kutxarekin elkarlanean, antolatutako Tolosaldea Zure Ahotik Bideo Lehiaketak. Guztira, 40 izen-emate baino gehiago jaso dira, eta horrek erakusten du eskualdeko gazteek euskaraz euren sormena adierazteko duten gogo bizia.

Irailaren 20an amaitu zen izena emateko epea, eta jasotako harrera bikainak argi utzi du Tolosaldeko 12 eta 18 urte bitarteko gazteek zeresan handia dutela. Hiru laguneko taldeetan banatuta, ehun gaztetik gora ariko dira euren ikuspuntutik Zer diozu Tolosaldeaz? galderari erantzuten.

Orain sormen lanak bideo bihurtzeko txanda iritsi da. Izen-ematea osatu duten taldeek urriaren 4ra arteko epea izango dute euren lan originalak (5 eta 15 minutu artekoak) tolosaldeazureahotik@gmail.com helbidera bidaltzeko.

Sariak bertako komertzioak bultzatuz

Gogoratu sari bikainak daudela jokoan. Batetik, 16 eta 18 urte bitartekoen arteko saria. 400 euroko bonua jasoko du epaimahaiak aukeratutako lana aurkeztu duen taldekide bakoitzak, tokiko merkatari elkarteetan zerrendatutako edozein dendatan erabiltzeko. Bestetik, 12 eta 15 urte bitartekoen artean epaimahaiak aukeratutako lana aurkeztu duen taldeko kide bakoitzak 300 euroko bonua jasoko du –hau ere, eskualdeko tokiko merkatari elkarteetan gastatzeko–. Azkenik, webguneko erabiltzaileek bozketa bidez aukeratutako bideoaren egileek 40 euroko bonu bana jasoko dute tokiko merkatari elkarteetan zerrendatutako edozein dendatan erabiltzeko, eta ATARIAko materiala izango dute opari.

Jasotako bideo guztiak ATARIAren webgunean ikusi ahal izango dira, eta urriaren 5etik 18ra bitartean erabiltzaileen publikoaren saria aukeratzeko bozketa zabalduko da. Irabazleen izenak urriaren 23an jakinaraziko dira Villabonako Subijana etxean egingo den sari banaketa ekitaldian.

Eskerrik asko parte hartzaile guztiei eta zorte on bideoen sormen prozesuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!