Guztiek dutela garraio jasangarrirako eskubidea aldarrikatuko dute

Ataria Ataria

'Mugikortasuna pertsona guztientzat' lelopean irailaren 21etik 27ra izango da Mugikortasunaren Astea. Hainbat ekitaldi izango dira eskualdean.

Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, hainbat jarduera izango dira irailaren 21etik 27ra. Aurten, Mugikortasuna pertsona guztientzat leloa jarri diote, eta helburua da herritar guztiek garraio jasangarria eta eraginkorra izatea, diru-sarrerak, kokapena, adina, generoa edo gaitasunak kontuan hartu gabe.

Jardueren artean, Tolosako mugikortasun ordenantza berriaren lehen zirriborroaren aurkezpena egingo da astelehenean, udaletxeko pleno aretoan. Tolosako Udalak egingo duen bizikleta sarea azalduko da, eta herritarrek beren ekarpenak egin ahal izango dituzte. Saioaren ondotik ere, erabaki.tolosa.eus atarian parte hartzeko aukera emango da: herritarrek hilabetez egin ahalko dituzte ekarpenak.

Bestalde, astean zehar bide-hezkuntzako saioak egingo dituzte ikastetxeetan, mugikortasun jasangarria bultzatzeko, bide-segurtasuneko oinarrizko arauak eta bizikletaren oinarri teknikoak irakasteko, eta txirrindularien eta oinezkoen arteko elkarrekiko errespetuaz kontzientziatzeko. Asteburuan, bigarren eskuko bizikleta azoka, ginkana eta ibilbide inklusiboa egingo dira.

Horretaz gain, bizikleta-aparkalekuetan, bizikletak era seguruan lotzeko gomendioekin 750 pegatina jarriko dituzte. 


Egitaraua

Irailak 21: 18:30ean, udaletxeko pleno aretoan, Mugikortasun ordenantza berriaren lehen zirriborroaren aurkezpena. Hiritik at enpresak dinamizatutako parte-hartze saioaren bidez, Udalak egingo duen bizikleta sarea azalduko da, eta herritarren ekarpenak jasoko dira. Ondoren, hilabetez egongo da ekarpenak egiteko aukera erabaki.tolosa.eus atariaren bidez.

Irailak 22, 23, 24: Bide-hezkuntzako saioak LHko 5. eta 6.mailako ikasleekin, eskola orduetan, ikastetxeetan. Segurtasuna eta atal teknikoak, taldeko zirkulazioa eta jokabideak, hiriko elkarbizitza,... landuko dira.

Irailak 26: Bigarren eskuko bizikleta azoka, Gurpilgunearen eskutik, Artxiboaren parean, 09:00etatik 14:00etara. 09:00etatik aurrera, herritarrek euren bizikletak eraman ahalko dituzte, eta bertan utzi saltzeko; saldu ezean, 14:00etan bizikletaren bila pasa beharko dute. 
17:00etatik 19:00etara, Zumarditxikian (euria eginez gero, Alondegia plazako karpan): Ginkana eta zinta-jokoa, 4-12 urte bitartekoentzat. Parte hartzeko bizikleta edo patinetea eraman behar da, eta derrigorrezkoa da kaskoa eramatea.
 
Irailak 27: Upsala Senderismo Kirol Klubarekin elkarlanean, ibilbide inklusiboa egingo da Uzturreko San Inazio sendategi-baserrira udaletxean 08:45ean elkartuta. 7km-ko ibilbidea izango da, 400 metroko desnibel metatuarekin.


Doako bizikleta-berrikusketak eta scape rooma hilaren 22an

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak berriro jarriko du martxan Jarri prest zure bizikleta Mugirekin ekimena. Hala, irailaren 22an, bizikletak oinarrizko mailan konpontzeko zerbitzua eskainiko du Villabonan eta Tolosan, furgoneta-lantegi baten bidez, Mugi txartela aurkezten duten pertsona guztientzat.

Furgoneta-lantegia 10:30etik 14:00etara egongo da Tolosako Trianguloan eta 16:00etatik 20:00etara Villabonako plazan. Agertzen diren pertsonen artean bi bizikletaren eta Mugi txarteletan 20 euroko 60 kargaren zozketak egingo dituzte.

Misterioa Topo Express-ean jarduera ere izango da bi udalerrietan Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren eskutik. Scape rooma da, eta 45 eta 60 minutu arteko iraupena du: modu ludiko eta oso entretenigarrian, garraio publikoaren garrantziaz eta Mugi sistemaren abantailez eta balioez sentsibilizatzea du helburu, baita gazteen mugikortasun autonomoagoa sustatzea ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!