Musika eta dantza nagusi izango dira, beste urte batez, Uliko bordan. Hilaren 26rako, larunbata, egin dute hitzordua. Ohitura den moduan, Orexa, Lizartza, Leaburu-Txarama, Gaztelu eta Berastegiko herritarrek erromeria egingo dute bertan. Aurten, Orexako herritarrek izan dute eguna antolatzeko ardura, eta, egitarau zabala osatu dutela adierazi du Aiora Sorozabal Orexako kultura batzordeko kideak: «Urteroko egitarauari jarraiki osatu dugu aurtengoa, musika ez da faltako, trikitilariak izango baititugu gurekin. Tartean, guztiok elkarrekin bazkalduko dugu».
Goizean, herri bakoitzetik Ulira igoko dira herritarrak, eta ibilbidea luzatu nahi dutenek horretarako aukera ere izango dute, Ulizar mendira igota. «Orexatik 4 kilometrora dago Uliko borda, eta gainontzeko herrietatik antzeko distantziara dagoela esango nuke. Ibilbide erraza da eta herritar askok ibilbidea luzatu nahi izaten dutenez, Ulizar mendiraino egiten dute joan-etorria», azaldu du Sorozabalek.
Topaketa 12:00etan izango da, bordan bertan. Goiza girotzen ariko dira Lucia eta Alaitz trikitilariak, eta horren ostean, bazkaria egingo dute, 13:30ean. Bazkaria norberak etxetik eraman beharko du, baina edaria, postrea, kafea eta kopa antolatzaileen kontu izango da. Mahaiak eta aulkiak ere egongo dira.
Bazkaldu ondoren ere musikak ez du hutsik egingo, eta trikitilarien bigarren saioa izango da. «Urte batzuetan eguraldi kaxkarra egin izan duen arren, herritarrak urtero animatzen dira Ulira igotzera, eta giro oso ona izaten dugu. Aurten ere hala izatea espero dugu», gaineratu du.
Bost herri batuta
Duela zenbait urte Uliko bordako erromeria antolatzen hasi ziren Gazteluren eta Orexaren artean, eta urriaren 12an, Pilarika Egunean, egin ohi zuten. Garai batean, udazkenean garo asko jaitsi behar izaten zen menditik urte osorako, abereei azpiak egiteko, eta, hain zuzen ere, urrian biltzen zen garo hori. Urriaren 12a jaieguna izaten da, eta lantegietako langileek ere jai izaten zutenez, egun hori baliatzen zuten lan hori egiteko. Horregatik deitzen zioten egun horri Garotako Ama Birjinaren eguna.
Urte batzuk igaro ziren Uliko bordan erromeriarik egiten ez zela, eta urte gutxiren ostean, Uliko bordako erromeria berreskuratzea lortu zuten. Beste hiru herri –Lizartza, Berastegi eta Leaburu-Txarama– batu zitzaizkien festara, gainera. Geroztik, bost herrien arteko topagune bihurtu da Uliko borda, eta erromeria eguna, berriz, herritar askoren egutegian gorriz markatuta dagoen horietako bat da.