Bizikleta konpontzeko zerbitzua, Tolosan eta Villabonan

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua

Mugikortasun Astearen harira, Bizikletak konpontzeko zerbitzua egongo da hilaren 22an. Bi bizikleta zozketatuko dituzte.

Europako Mugikortasun Astearen harira, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Jarri prest zure bizikleta Mugirekin ekimena antolatu du beste behin. Egitasmoak helburu du gipuzkoarren artean mugikortasun-ohitura jasangarriagoak eta osasungarriagoak sustatzea.

Helburu horrekin, irailaren 22an, asteartea, bizikletak oinarrizko mailan konpontzeko zerbitzua eskainiko da Villabonan eta Tolosan, Mugi txartela aurkezten duten pertsona guztientzat. Era berean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, beharrezko laguntza eskainiko die Mugi txartela eskatu eta, horrela, sistema horrek eskaintzen dituen abantaila guztiak baliatzen hasi nahi duten pertsonei.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, furgoneta-lantegia 10:30etik 14:00etara egongo da Tolosako Trianguloa plazan eta 16:00etatik 20:00etara Villabonako plazan. Aurreko edizioetan bezala, furgoneta-lantegira hurbiltzen diren pertsonek bi bizikletaren zozketan parte hartu ahal izango dute, baita Mugi txarteletan 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan ere.

Mugikortasun jasangarria sustatzeko scape rooma
Dominguezek nabarmendu duenez, ekimen hau herritar guztiei zuzenduta badago ere, arreta berezia jartzen du belaunaldi gazteenengan, izan ere, «txikitatik hartzen ditugun mugikortasun-ohiturek garrantzi handia dute gizarte gisa gure etorkizuna eraikitzeko orduan».

Horregatik, edizio honetako berritasun nagusia da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak Misterioa Topo Express-ean jarduera Villabonara eta Tolosara eramango duela. Scape room horrek 45 eta 60 minutu arteko iraupena du, eta modu ludiko eta oso entretenigarrian, garraio publikoaren garrantziaz, Mugi sistemaren abantailez eta balioez sentsibilizatzea ahalbidetzen du, baita gazteen mugikortasun autonomoagoa sustatzea ere.

«Balio horiek haurtzarotik sustatzeak belaunaldi berriek mugitzeko modu jasangarriagoak eta osasungarriagoak bereganatzea errazten du, eta horiek bizitzan zehar mantentzea ere errazagoa izango da. Ohitura horietan heztea eta laguntzea Gipuzkoa berdeago bat prestatzen laguntzeko modu bat ere bada, gure ingurunearekiko eta pertsonen osasunarekiko errespetu handiagoa duen mugikortasunarekin»”, adierazi du diputatuak.

Jokoa arrakastaz amaitzen duten pertsonek ere bi bizikletaren zozketan parte hartuko dute, baita Mugi txarteletan 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan ere.

«Mugikortasun jasangarriago baten alde egitea ez da ingurumenari dagokion kontua soilik: gizarte-justiziaren eta aukera-berdintasunaren kontua ere bada. Garraio publikoak eta oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriek aukera ematen diete pertsonei autonomia handiagoz mugitzeko, ibilgailu pribatu bat izatearen edo beste pertsona batek garraiatu ahal izatearen mende egon beharrik gabe. Horregatik, hauek bezalako ekimenek Gipuzkoa aurrerantz eramaten laguntzen digute, pertsona guztiek, eta bereziki gazteenek, mugikortasun osasungarriagoa, irisgarriagoa eta autonomoagoa izan dezaten, aldi berean lurralde berdeago eta bidezkoago bat eraikitzen dugularik», amaitu du Azahara Dominguezek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!