Ondarearen Europako Jardunaldiak eskualdean

Alkizako basoetan barna bisita gidatua egingo dute.

'Gure eskuetan' izenburupean irailetik azarora ekitaldi ugari izango dira, tartean Alkizan, Ibarran eta Tolosan.

Ondarearen Europako Jardunaldiak egingo dituzte Gipuzkoan hamargarren urtez. Gure eskuetan izena jarri diote aurtengoari, eta denetariko jarduerak eta ekitaldiak egingo dituzte, ondarea zaintzeko, memoria kolektiboa gordetzeko eta hura gizartearen eskura jartzeko xedez. Irailetik azarora bitarte 157 ekitaldi antolatu dituzte Gipuzkoako 36 herritan, tartean, Alkizan, Ibarran eta Tolosan.

Eskualdeko lehena urriaren 5ean izango da, Ibarran, Leaburu bidean. Bertan, Naturala arte bihurtuz, Balegur-en eskutik erakusketa eta erakustaldia izango da. Joseba Mercader artista tolosarraren erakusketa honetan eskuz landutako baleak ikusi ahal izango dira. «Itsasoak oparitutako ibai- eta itsasertzeko egurrez eginak dira, arreta handiz hautatuak, material horiei bigarren bizitza emateko. Pieza bakoitza bakarra da, bere bidaia olatuen artean kontatzen duten ehundura eta formekin. Naturaren eta diseinu jasangarriaren zaleentzat egindako xehetasun berezia da. Arimaz betetako objektua, funtsezkoarekin eta benetakoarekin konektatu nahi dutenentzat ezin hobea», azaldu du artistak. 11:00etatik 15:00etara izango da bisita. Helduek nahiz haurrek hartu dezakete parte, eta 10 euro ordaindu beharko da izena emateko, josebamercader@gmail.com helbidera idatzita.

Urriaren 10etik 18ra Topic Txotxongiloen Nazioarteko zentroan erakusketa eta bisita gidatua izango da, Ondarea arriskuan? Ezagutu txotxongiloen sekretu ezkutuak izenburupean. Erakusketa egun horietan izango da, eta bisita gidatua urriaren 17an, 11:30ean euskaraz eta 12:30ean gazteleraz. Erakusketa doan bisitatu ahalko da, eta bisita gidaturako 4 euro ordaindu beharko da. Izena emateko, 943 650 414 zenbakira deitu edo coordinacion@cittolosa.com helbidera idatzi behar da. Topic-etik adierazi dutenez, txotxongilo bakoitzak sortu zuten eskuez eta erritu eta ohiturez hitz egiten du. «Topic-en lan, erritu eta istorio hauei balioa eman nahi diegu, eta horiek salbatzeko kide izatera gonbidatzen zaitugu. Zatoz gurekin erakusketa berezi honetara. Ezagutu bere magia eta lagundu iezaguzu istorio hauek bizirik mantentzen, isiltasun bihurtu baino lehen», esan dute.

Urriaren 23an mahai-ingurua, hitzaldia eta kontzertua izango dira, SOS organoak. Zergatik eta zertarako zahar- berritu behar ditugu izenburupean. Mahai-ingurua eta hitzaldia Tolosako udaletxeko batzar aretoan izango dira, eta kontzertua Santa Maria elizan. 18:00etan hasiko da ekitaldia. Ekitaldia doan da, baina izena eman beharko da, lekua mugatua delako. 609 051 943zenbakian edo dpto.pedagogia@musikene.net helbidean egin beharko da. Musikenek eta Arakil Fundazioak Euskal Herrian dagoen organo-ondarearen balioa ezagutaraziko dute. Euskal Herrian dauden organoei, horien ezaugarriei eta balioari buruz ariko da Aitor Olea. Organoak eta instrumentu hauetarako idatzitako euskal konpositoreen errepertorioa zabaltzen nola lagundu daitekeen hausnartuko da, Ana Belen Garcia, Anton Mendizabal, Jon Bagues eta Esteban Landart gonbidatuekin egingo den mahai-inguru baten bidez. Azkenik, Esteban Landartek eta Musikeneko organo ikasleek Santa Maria elizako Stolz Frères organoarekin kontzertua emango dute.

Urriaren 24an, Alkizako Basoak Ezagutzen: natura eta ondarea eskura bisita gidatua izango da. Alkizako plazan egin dute hitzordua 10:00etan. Bertan parte hartzeko 5 euro ordaindu beharko da, eta 688 60 44 66 zenbakian edo kultura@alkiza.eus helbidean eman behar da izena. Alkizako basoen sekretuak ezagutzeko aukera izango da Mikel Belaskorekin natura- dibulgatzailearekin. Paisaiaren historia eta ingurumenaren arteko loturak aztertuko dira modu erakargarrian. Ibilbidean, bertako flora eta gizakiaren eta naturaren arteko harremana ezagutuko dira.

Azkenik, azaroaren 1etik 30era Nola jarri argazki funts bat herritarrentzat eskuragarri erakusketa eta erakustaldia izango da Gipuzkoako Artxibo Orokorrean, 08:30etik 14:30era. Intxausti (1912-2003) argazki funtsa identifikatu eta instalatzeko lanen bidez, honelako funts bat jasotzeak dakarren lan prozesu guztia ikusi ahal izango da, funtsa artxibora sartzen denetik herritarren eskura jartzen den arte. Gainera, funtsaren kronologiak argazki-tekniken bilakaera modu naturalean islatzen duenez garai desberdineko makinak eta euskarriak ikusi ahalko dira. Ricardo eta German Intxaustik 1913tik 2003ra, Alegiako eta inguruko herrietan eginiko 200.000 argazki negatibo inguru, argazki kamerak, indizeak, errebelatzeko materiala dohaintzan eman zion aldundiari. Bisita doan izango da, eta 943 415 262 telefono zenbakian edo agg-gao@gipuzkoa.eus helbidean eman behar da izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!