Lehiaketa

Azken egunak Tolosaldea Zure Ahotik Bideo Lehiaketan izena emateko

Ataria

Irailaren 20an amaituko da ATARIAk, Laboral Kutxaren babesarekin, Tolosaldeko 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta antolatu duen bideo lehiaketan izena emateko epea.

Azken egunetan da Tolosaldea Zure Ahotik Bideo Lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea. ATARIAk, Laboral Kutxaren babesarekin, eskualdeko 12 eta 18 urte bitarteko gazteak animatu ditu parte hartzera, eta Zer diozu Tolosaldeaz? galderari euren sormenaren bidez erantzutera. Izena emateko epea irailaren 20an amaituko da, beraz, oraindik garaiz da parte hartzeko.

Hiru laguneko taldeetan parte hartu beharko dute gazteek, eta taldeko kide guztiek bete beharko dute ATARIAren webgunean eskuragarri dagoen izen-emate orria. Orri hori tolosaldeazureahotik@gmail.com helbidera bidali  beharko da gero, edo ATARIAren egoitzara eraman (San Esteban, 20, Tolosa). Behin izena emanda, bideoa prestatzeko aukera izango dute. Lanak irailaren 21etik urriaren 4ra bitartean aurkeztu beharko dituzte, tolosaldeazureahotik@gmail.com helbidera bidalita.

Lehiaketaren galdera nagusia Zer diozu Tolosaldeaz? izango da. Gaia irekia da, beraz, gazteek nahi duten moduan erantzun ahal izango diote galderari, betiere lana eskualdearekin lotuta badago eta euskaraz egiten bada. Bideoek 5 eta 15 minutu arteko iraupena izan beharko dute, eta originalak eta beste inon erabili gabeak izan beharko dute.

Parte hartzaileek askatasun osoa izango dute euren ideiak irudikatzeko. Horretarako, elementu artistikoak, musika, irudiak edo egoki iruditzen zaien bestelako baliabideak erabili ahal izango dituzte. Aurkeztutako bideo guztiak ATARIAren webgunean izango dira ikusgai.

Ekimenaren helburua da Tolosaldeko gazteek eskualdea nola ikusten eta irudikatzen duten jasotzea, euren begirada eta sormena ikus-entzunezko formatuan plazaratuz. Era berean, parte hartzea eta talde-lana sustatu nahi ditu lehiaketak, baita balio positiboak ere, gazteen ahotsa eta eskualdearekiko duten ikuspegia protagonista eginez.

1.200 eta 900 euroko sariak

Lehiaketak hiru sari izango ditu. Batetik, 16 eta 18 urte bitartekoen kategorian, epaimahaiak aukeratutako lanaren taldeko kide bakoitzak 400 euroko bonua jasoko du. Bonua tokiko merkatarien elkarteetan zerrendatutako edozein dendatan erabili ahal izango dute.

12 eta 15 urte bitartekoen kategorian, berriz, epaimahaiak aukeratutako taldeko kide bakoitzak 300 euroko bonua jasoko du, baldintza berberekin.

Hirugarren saria ATARIAren webguneko erabiltzaileen bozketa bidez erabakiko da. Bozketan aukeratutako bideoaren egileek 40 euroko bonu bana jasoko dute tokiko merkatarien elkarteetan zerrendatutako edozein dendatan erabiltzeko. Gainera, ATARIAko materiala izango dute opari.

Erabiltzaileen bozketa urriaren 5etik 18ra egingo da, eta irabazleen izenak urriaren 23an jakinaraziko dira. Sari banaketa ekitaldia Villabonako Subijana etxean egingo da.

Iazko lehiaketaren jarraipena

Ez da ATARIAk gazteei zuzenduta antolatzen duen lehen lehiaketa. Iaz ere ekimen bat jarri zuen abian, baina orduko hartan bideo-podcast lehiaketa izan zen. Aurten, berriz, bideo-formatuaren aldeko apustua egin du, gazteei euren sormena beste modu batean lantzeko eta Tolosaldeari buruz duten ikuspegia zabaltzeko aukera emanez.

Horregatik, ATARIAk eskualdeko gazte guztiak animatu nahi ditu azken egun hauek baliatzera eta hiru laguneko taldea osatuz lehiaketan izena ematera. Ideia bat buruan baduzu, lagunekin partekatu eta bideo bihurtzeko garaia da.

Lehiaketari buruzko edozein zalantza argitzeko, interesa dutenek ATARIArekin jarri ahal dira harremanetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!