Datorren asteko larunbatean ospatuko dute Santuipeko Eguna Uganen. Goizetik hasi eta iluntzera arte izango dituzte jarduerak, horien artean, herri kirolak, bertsolariak, otorduak eta zuzeneko musika.
Ohi bezala, herri kirolen desafioa eta bertso saioa izango dira goizeko hitzordu nagusiak. Urtez urte herri kirol ezberdinak aukeratzen dituzte, eta aurten segan, trontzan eta aizkoran lehiatuko dira. Desafioa 12:00etan hasiko da, eta segan, batetik Jokin Garmendia eta Arkaitz Arteaga ariko dira, eta, bestetik, Andoni Dorronsoro eta Jokin Etxeberria. Aizkoran, berriz, Txomin Amundarain eta Ibai Soroa izango dira aurrez aurre; eta, amaitzeko, trontzan bikote bana osatuko dute Alazne Garmendiak eta Ianire Zubeldiak, eta Unai Iraolak eta Iosu Albisuk.
Kirol erakustaldiaren ondotik, 13:00etan hasiko da bertso saioa, eta oholtza gainean abestuko dute Eñaut Martikorena, Iker Ormazabal Tturko eta Jon Luzuriaga bertsolariak.
Eguerditik aurrera
Auzo bazkaria 14:30ean hasiko da, eta segidan jokatuko dituzte mus eta toka txapelketak. Egunak aurrera egin ahala, 17:30ean hasiko dituzte haurrentzako jolasak, eta arratsaldea, berriz, Haritz eta Attola trikitilariek girotuko dute.
Ospakizuna —eta aurtengo Santuipeko Eguna— borobiltzeko, berriz, auzo afaria egingo dute, zehazki, 21:30ean.