Aralarko kobak lehorte egoeran daudela iragarri du Zaldibiako Ziztor Espeleologo Taldeak (ZET), sare sozialen bitartez. «Garbi ikusi dugu Aralar inguruan dena lehor dagoela, baina kobazuloetan ere horren eragina ikusi dugu; neguan kobara sartu ginenean koba barruan dezenteko lakua zegoela ikusi genuen eta orain, udan, laku guztia lehortuta dagoela ikusi dugu», esan du Josu Murua Ziztor Espeologia Taldeko kideak.
Egoerarekin kezkaturik agertu da talde zaldibiarra, eta Instagram-ean duten kontu baten bitartez (@ziztor_zet) egoera horren berri ematea erabaki dute. Urtarrilean egin zuten lehen irteera Aralarko kobetara, baina Instagram kontua beranduago iritsi zen. Dagoeneko 32 post eta 1.900 jarraitzaile baino gehiago dituzte. «Ez gara adituak, baina kobetan gertatzen denaren berri ematea da gure helburua, jendea egoeraz jabetu dezan», azpimarratu du Muruak.
Uda partean kobazuloen uraren maila jaistea «normala» dela esan du zaldibiarrak, egun eguzkitsuak eta tenperatu altuak direla eta, «baina guztiz jaistea ez». Bi edo hiru hilabetetan euririk ez duela egin adierazi du, eta egoera «nahiko larria» dela azaldu du: «Ur falta eta kobazulo horretako biodibertsitatearen galera ekarri dezake. Gu ez gara oso adituak eta informazio handirik ezin dugu eman, baina bertan bizi diren animaliak, normalean sarreran bizi diren uhandreak edota karakolak hezetasun handia behar dute hor bizitzeko eta hori gabe animali horientzako ere bizia zailagoa izan daiteke». Hala ere, kobazulo barruan oraindik ezetasuna mantentzen dela dio, eta neguan egoera ikustera bueltatuko direla.
Naturaz gozatzen
Lagunartean sortutako taldea dela kontatu du Muruak, izan ere, kuadrilla berdineko kideek osatzen dute Ziztor Espeleologo Taldea. «Iazko udan Pirineotara joan ginen eta han arroila-jaitsiera egitea erabaki genuen. Bertako monitorea Kantabriakoa zen eta harek kontatu zigun, udaran, arroila-jaitsierako jarduerak antolatzen zituela, baina neguan, espeologiako jardueretan aritzen zen, izan ere, Kantabria inguruan koba ugari daude, eta gu ere hara joatea erabaki genuen».
Mendian ibiltzea gustatzen zaie, eta urtarrilean kobazuloen inguruko informazioa biltzen hasi zirela azaldu du: «Gure inguruan zein kobazulo zeuden informatzen hasi ginen, eta egia da aurretik batera edo bestera joanda geundela baina batere preparatu gabe, linterna txiki batekin eta kitto». Muruak zehaztu du aurretik eskalatzen ibiliak direla, eta aurrez bazutela jakintza sokak, arnesak eta bestelako materiala erabiltzen.
Aralarko kobetan ibiltzen dira gehienbat, baina Urbasan, Aizkorrin edo Murumendin ere egin dituzte irteerak. Muruak nabarmendu du ez dela kobazuloa bilatzea eta joatea soilik, aurretiko lana ere antolatu behar baita: barrutik nolakoa den, kartografia badagoen, materiala behar den ala ez edota zenbateko garapena duen, besteak beste. Askotariko iturriak erabiltzen dituzte irteera bakoitza prestatzeko, eta astero bat egiten saiatzen dira. «Udan nahiko geldik egon gara, baina orain irailean martxan jarri gara berriro», adierazi du zaldibiarrak, eta dagoeneko badute hurrengo helburua zehaztuta: Ondarrako zuloa. «Aralarko mendilerroan dagoen leize edo ponore bat da, Zaldibiako lurretan kokatzen dena. Zaldibiako erreka kobazulo horretan sortzen dela esaten da, eta hori ikusteko asmoa dugu, baina ez dugu bakarrik joan nahi leku arriskutsua delako eta Zaldibi inguruan aritzen diren espeolorogoekin joateko asmoa dugu».
Hemendik aurrera lagun giroan kirolaz, mendiaz eta naturaz gozatzen jarraituko dute, espeleologiaren bitartez.