Lurpea Garbi elkarteak sustatuta, iraileko igande guztietan garbiketa-jardunaldiak antolatu dituzte Hernio-Gazumeko eremu karstikoan. Eremua zaborrez garbituko dute, eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, lurpeagarbi@gmail.com helbidean.
Irailaren 6an, 13an, 20an eta 27an egingo dituzte jardunaldiak, eta 10:00etan egingo dute elkartzeko hitzordua: hilaren 6an, Zelatunen, eta gainerako egunetan, Andazarrateko mahaietan, Izurtzu erretegirako bidean. Lehenengo egunean, Zelatunen, elkarteko kideek garbiketaren nondik norakoak azalduko dituzte; horretarako, azalpenak emateko panelak prestatu dituzte. Topaleku bakoitzean boluntarioak elkartzen direnean, Lurpea Garbi elkartekoek azalpenak emango dituzte, non, zer eta nola egingo duten azalduz. Garbiketa-lanak egiteko beharrezko materiala elkarteak eramango du.
Elkartearen asmoa da hainbat puntu garbitzea eta neurriak hartzea, berriro ere gune horiek zikindu ez daitezen. Goizez egingo dituzte garbiketa-lanak, egunaren arabera eremu desberdinetan. Parte hartuko duten guztien artean ura eta hamaiketakoa banatuko ditu Lurpea Garbi elkarteak.
Natura ez dela zabortegi bat, eta ingurunea garbitzea eta zaintzea denon ardura dela gogoratu dute elkarteko kideek.
Kontzejalerrekan garbiketa
Lurpea Garbi elkartekoek sustatuta, Bertikalaneko langileak joan den astean hasi ziren, bestalde, Kontzejalerrekako garbiketa-lanekin. Urtebete baino gehiago da elkarteak errekaren egoera tamalgarriaz ohartarazi zuela. Asteasu eta Alkizako udalek berehala ikusi zuten erreka garbitzeko beharra, eta lehengoratze-lanak sustatu zituzten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso zuten horretarako.
