Lau estropada geratzen dira Euskotren Liga amaitzeko, eta oraindik matematikoa ez bada, Donostiako Arraun Lagunak taldeak laugarren aldiz jarraian irabaziko du liga; Tolosaldeak bigarren postuan amaituko du. Arraun Lagunakek 23 puntu ateratzen dizkio Tolosaldea Arraun Klubari, eta honek 16 puntuko aldea du San Juan hirugarren sailkatuarekiko, eta litekeena da postua mantentzea. Gauzak horrela, ligan geratzen diren lau estropadetan Kontxako Banderari begira egongo dira ontzi gehienak, eta iraileko bandera preziatua prestatzera bideratuko dituzte datozen lehiak.
Tolosaldeak dagoeneko begiz jota du urteko banderarik garrantzitsuena, baina hura irabazi nahi izanez gero, komeni da, behintzat, azken estropadetako batean orain arte lehia guztietan irabazle izan den Arraun Lagunak mendean hartzea, edo gertu egotea. Joan den asteburuan, ez zen halakorik gertatu. Bi estropadetan donostiarrengandik oso urrun egon zen Zerkausia ontzia. Ramon Erostarbe Tolosaldeako entrenatzaileak aitortu du «zapore gazi-gozoa» utzi diela azken asteburuak.
Larunbatean, VI. Ondarroako Bandera - Cikautxo Sari Nagusia jokatu zuten Euskotren Ligako ontziek. Bigarren txandan aritu ziren lau onenak, tartean Tolosaldea. Ziabogan hirugarren denbora onena egin zuen Zerkausia ontziak, Arraun Lagunakengandik lau segundora eta Astillerorengandik hirura. Azkenean, bigarren izan zen Tolosaldea, Arraun Lagunak irabazlearengandik 18 segundora; Astillero izan zen hirugarren Tolosaldearengandik segundo bat baino gutxiagora. Oso estu izan ziren gauzak amaieran; izan ere, Tolosaldeak lau segundoko aldea besterik ez zion atera zazpigarren sailkatu zen San Juani.
Erostarberen iritziz «estropada zaila» izan zen Ondarroakoa. «Lehen luzean lan oso ona egin genuen. Astero eskatu izan dudana egin zuten neskek: Arraun Lagunaken hasiera bortitzari ondo eustea. Ziabogaren ondoren, olatua ondo hartuta, une batez oso gertu izan genuen Arraun Lagunak. Ondoren, ordea, Astillero gure kalera etorri zen, eta epaileen ontzia bi traineruen artean sartu zen. Horrek kalte egin zigun, olatuak ondo hartzeko aukera baztertu zigulako, eta erabat baldintzatu zuelako estropadaren bigarren zatia», azaldu du. Halaber, entrenatzaileak nabarmendu du lehen bi kaleak oso txarrak zirela, kontrakorrontearen eraginagatik; Tolosaldea bigarren kaletik aritu zen.
Bere arraunlariek egindako lanarekin «oso kontentu» dago Erostarbe. Hala ere, ez dator bat epaileek izandako jokabidearekin. «Ez dute beti gainean egon beharrik. Nahikoa da abisu bat ematearekin; denok dakigu hirugarrenarekin zigorra izaten dugula. GPS-ak markatzen du ontzi bakoitzaren posizioa eta norabidea. Hortaz, ulergaitza egiten zait epailea bere kaletik doan ontzi baten ondoan jartzea. Askatasun handiagoa izan beharko lukete ontziek», adierazi du haserre. Entrenatzaileak gaineratu du ez dela halako zerbait gertatzen den lehen aldia.
Igandean, gertuago baino atzerago
Larunbatean epaileen jokabideak baldintzatu bazuen estropada, igandean haizea izan zen protagonista Hondarribian jokatu zen Balfego Banderan. Atzerapen handiarekin hasi zen bigarren txanda; haize handia egiten zuen, eta patroiek nahikoa lan izan zuten ontzia bideratuta jarri eta estatxa hartzeko. Halako batean, abiatu ziren ontziak, eta lehen minutuetatik erabat nagusitu zen Arraun Lagunak. Ziabogan zazpi segundoko aldea ateratzen zien Tolosaldeari eta Oriori. Bigarren luzean, Tolosaldeak eta Astillerok egin zituzten denbora txarrenak. Azkenean, zazpigarren izan zen Tolosaldea, Arraun Lagunak irabazlearengandik 17 segundora; larunbatean baino segundo bat gutxiagoko aldea, baina postuetan atzerapen nabarmena.
Erostarbek uste du aurreikusi zitekeela haizearen eragina. «Lehen txandan ere patroiek nahiko lan izan zuten estatxa heltzeko. Bigarren txandan haize handiagoa izan genuen. Oso zaila izan zen ontzia zuzen mantentzea. Gainera, Pasaia aldetik zetorren haizea, eta hirugarren eta laugarren kaleak haizetik babestuago zeuden –Astillero eta Tolosaldea lehen bi kaleetan aritu ziren–. Alde handia egon zen kale batetik bestera». Entrenatzaileak adierazi du aurten ez direla zorterik izaten ari kaleen zozketekin.
Azken bi estropadetan argi geratu da Arraun Lagunak ahalguztiduna estropadak erraz irabazteko gai dela, eta gainerako ontzien artean berdintasun handia dagoela. «Liga oso lehiakorra izaten ari da; tarteak oso txikiak izaten ari dira zenbait estropadetan. Arraunak duen gauzarik politenetakoa da hori: denak maila antzekoan aritzea», esan du Erostarbek. Entrenatzailearen ustez, akats txiki bat egiteak postuak eta puntuak galtzea ekar lezake. «Gure kasuan, erregularrak izaten ari gara, eta hori nabarmentzekoa da», gaineratu du.
Bihar, etxean
Bihar eta etzi izango dira Euskotren Ligako hurrengo bi jardunaldiak. Bihar, Pasaiako Badian jokatuko da II. Adinberri Bandera - XIII. Pasaiako Ikurriña. Etxean ariko da Tolosaldea, bertan entrenatzen baitu urtean zehar. «Ondo ezagutzen dugu eremua, baina ikusiko da baldintza meteorologikoek zenbateko eragina izaten duten. Gainera, erlojupekoa izango da; beraz, ziabogara arte ez dugu erreferentziarik izango. Blokean joan behar dugu, esfortzu handiko ariketa izango delako. Ez da itsas-eremuko estropada, eta ura bare egongo denez, lerrokadura ondoen hartzen duenak izango du abantaila», azaldu du Erostarbek.
Igandean, berriz, Getarian izango da estropada; III. Getariako Ikurriña - 50. urteurrena - Zarautz Academy Sari Nagusia egongo da jokoan. Kasu honetan, itsas-eremuan izango da lehia. Erostarbek adierazi du estropada «oso teknikoa» izango dela. «Exijentzia handiko jardunaldia izango da. Olatua zeharka etortzen da, eta haizearen eragina handia izan ohi da. Haize handia egonez gero, olatuak izango ditugu».