Eskualdeko hiru segalari Taldekako Europako Txapelketan

Alaitz Imaz hernialdetarra izango da txapelketan parte hartuko duen eskualdeko segalarietako bat.

Oier Urkola anoetarrak, Alaitz Imaz hernialdetarrak eta Inge Goikoetxea gazteluarrak abuztuaren 16an Moosdorfen (Austria) jokatuko den txapelketan parte hartuko dute, Euskal Herriko selekzioarekin.

Abuztuaren 16an Taldekako Europako Sega Txapelketa (ez-ofiziala) jokatuko da Moosdorfen (Austria), eta bertan parte hartuko dute Almitza Sega Elkarteko eskualdeko hiru segalarik, Euskal Herriko selekzioarekin: Anoetako Oier Urkolak, Hernialdeko Alaitz Imazek eta Gazteluko Inge Goikoetxeak. Urte bikoitietan egiten da txapelketa –bakoitietan bakarkako txapelketa ofiziala izaten da–.

Oier Urkola eta Inge Goikoetxea izango dira txapelketan parte hartuko duten eskualdeko beste bi segalariak. Argazkiak: Almitza Sega Elkartea.

Taldekako txapelketan lau segalarik osatutako taldeek parte hartzen dute, lau mailatan banatuta: gizonezkoetan sega txiki kategorian eta sega handi kategorian, eta emakumezkoetan sega txiki kategorian eta sega handi kategorian.

Aurten bost herrialdetako taldeak lehiatuko dira txapelketan: Austria, Bavaria, Suitza, Hego Tirol eta Euskal Herriak. Herrialde bakoitzak, nahi duen kategorian, nahi adina talde aurkeztu ditzake. Euskal Herriak hiru talde osatu ditu.

Gizonezkoak (sega handian):

  • Altzo Jauregi (Zaldibia)
  • Bixente Mitxelena (Oiartzun)
  • Oier Urkola (Anoeta)
  • Manex Olaiz (Oiartzun)

Gizonezkoak (sega txikian):

  • Altzo Jauregi (Zaldibia)
  • Bixente Mitxelena (Oiartzun)
  • Oier Urkola (Anoeta)
  • Manex Olaiz (Oiartzun)

Talde mixtoa (sega txikian): Talde mixtoa izan arren, tartean gizonak daudenez, gizonezkoen sega txikiko kategoriaren barruan sartzen da.

  • Alaitz Imaz (Hernialde)
  • Inge Goikoetxea (Gaztelu)
  • Harri Mitxelena (Altsasu)
  • Jose Luis Olaiz (Oiartzun)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!