Zenbait egunetan eten egingo dute Tolosa eta Beasain arteko tren zerbitzua

Abuztuaren 17tik 19ra eta 29tik 31ra trenek ez dute bi herrien arteko bidaiarik egingo, Adifek tren-azpiegituran egokitze lanak egin behar dituelako; autobusak jarriko dituzte bidaiarientzat.

Adifek tren-azpiegituran egin behar dituen egokitze lanak direla eta, Tolosa eta Beasain arteko tren-zirkulazioa eten egingo da abuztuaren 17tik 19ra eta 29tik 31ra. Aldirietako, Distantzia Ertaineko eta Distantzia Luzeko tren-zerbitzuetan izango du eragina.

Aldirietako trenek Hernani eta Tolosa arteko eta Beasain eta Brinkola arteko ibilbideak bakarrik egingo dituzte. Gainerako ibilbideak, Irun eta Hernani artekoa eta Tolosa eta Beasain artekoa, autobusez egin beharko dituzte bidaiariek.

Distantzia Ertaineko tren-zerbitzuari dagokionez, abuztuaren 20tik 28ra Renfek errepide bidezko garraioa mantenduko du Andoain eta Irun artean, eta Araia eta Irun artean hilaren 17tik 19ra eta 29tik irailaren 2ra.

Gipuzkoa eta Madril konektatzen dituzten Distantzia Luzeko trenetako bidaiariek errepidez egin beharko dute Irun eta Gasteiz arteko ibilbidea, bi noranzkoetan. Donostia eta Bartzelona arteko zerbitzuaren kasuan, Donostia eta Iruñea arteko tren-aldaketa errepidez egingo da.

Renfek aurreratu du zenbait trenek ordutegi aldaketak izan ditzaketela, errepide bidez egindako aldaketetara egokitzearen ondorioz. Bidaiariek Renferen webgunean eta ohiko kanaletan izango dute informazioa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!