Oso urrun, eta oso gertu

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 5a

Tolosaldea trainerua Santurtzin jokatutako estropadan ziaboga ematen. AITOR ARRIZABALAGA / TKE

Tolosaldea bigarren izan zen joan den asteburuan jokatutako estropadetan; Arraun Lagunak izan zen garaile bietan. Santurtzin hamasei segundoko aldea atera zion Donostiako ontziak; Lekeition, ordea, bi segundo pasatxokoa.

Askok pentsatu dezaketena baino aukera handiagoak ditu Tolosaldeak Euskotren Ligako bandera bat irabazteko. Hala erakutsi zuen, behintzat, igandean, Lekeition jokatutako ligako hamaikagarren jardunaldian. Bi segundo pasatxoko aldea atera zion orain arte bandera guztiak irabazi dituen Arraun Lagunak ahalguztidunak.

Bezperan, Santurtzin jokatu zen estropada, XV. Euskotren Bandera. Ezohiko lana egin behar zuten arraunlariek: hiru ziaboga, lau luze eta ohi baino 500 metro gehiago. Ramon Erostarbe Tolosaldeako entrenatzaileak adierazi du Zerkausia ontziko arraunlariak «oso ondo» moldatu zirela estropadaren baldintzetara, eta «bikain» aritu zirela arraunean. «Arraun Lagunaken maila ikusita, emaitza oso ona da», esan du.

Estropada jokatu aurretik Erostarbek uste zuen kaleen zozketak «eragin handia» izango zuela, eta hala izan zela azaldu du. «Estropada eremuko baldintzak ikusita, argi zegoen laugarren kalea egokitu zitzaigunok ez genuela zorterik izan. Lehenengo eta bigarren kalea ziren azkarrenak; kale horietan arraun egin zuten taldeek euren txandetan denbora onenak egitea lortu zuten». Entrenatzaileak gaineratu du estropada luzeagoa izateak ere eragina izan zuela emaitzan.

Arraun Lagunakek erakustaldi handia egin zuen, batez ere barrurantzako luzeetan; bi luze horietan alde nabarmena atera zien gainerako ontziei. Kanporantzako luzeetan, aldiz, zenbait ontzi baino motelago joan ziren. Erostarbek nabarmendu du kanpoko balizatik barrualdera joateko luzearen lehen zatian alde egiten zutela donostiarrek. «Lehen ziabogara haiengandik hiruzpalau segundora heldu ginen, eta berehala ia hamar segundoko aldea ateratzen ziguten. Hortaz, gure helburua argia zen: ahalik eta ondoen arraun egin, eta ahalik eta emaitza onena lortzea».

Bi arraunlarik debuta egin zuten aurtengo ligan larunbateko estropadan; horietako bat jubenila da. «Sekulako lana egiten ari dira, eta merezitako saria izan zuten. Dagoeneko alde handia ateratzen diogu hirugarren sailkatuari, eta, beraz, probak egiteko aukerak ditut», esan du Erostarbek. Nabarmendu du arraunlari guztiak «beharrezkoak» direla, eta «ondo zaindu» behar dituztela. «Gero, estropadetan arraun egin dutenean, emaitzan ez da nabaritu ontzian arraunlari berriak zeudela», gaineratu du.

Inoiz baino gertuago

Bestalde, igandean, I. Ulysses Data For Science Bandera jokatu zen Lekeition. Ohiko lana egin zuten, hau da, ziaboga bat eta bi luze. Estropada erdian sei segundoko aldea ateratzen zion lehen postuan zihoan Arraun Lagunakek Tolosaldeari, baina berehala hiruzpalau segundora gerturatu zen Zerkausia, eta amaieran Arraun Lagunak irabazlearengandik bi segundo pasatxora heldu zen, bigarren postuan. «Pena handia izan zen», esan du Erostarbek.

Tolosaldeako prestatzaileak argi du zein den Arraun Lagunaken estrategia estropada guztietan: «lehen bi minutuak erritmo eta potentzia beldurgarriarekin egiten dituzte, ordurako hiruzpalau segundoko aldea izaten dute, eta alde hori amaieraraino mantentzea lortzen dute. Baina, orduan, nola lortu du Tolosaldeak hain gertu egotea? Bada, entrenatzailearen ustez, ordura arteko estropadetan ez bezala, bigarren luzean «oso ondo» aritu zen Tolosaldea.

Denboraldi bikaina egiten ari da Zerkausia. Orain arte jokatutako hamar estropadetatik zortzitan bigarren izan da; gainerako bietan bosgarren postuan amaitu du. Igandekoa, ordea, inflexio-puntu bat izan daiteke, denborak kontuan hartuta aurten inoiz ez baitu Arraun Lagunakengandik hain gertu amaitu Tolosaldeak –lau segundokoa zen orain arteko alde txikiena–. 

Itsasoko estropada klasikoak

Erostarbek esan du orain hasiko direla «astebururik ederrenak» arraunlarientzat. «Itsasoko estropada klasikoak jokatuko ditugu». Lehen biak datorren asteburuan izango dira. Larunbatean, VI. Ondarroako Bandera - Cikautxo Sari Nagusia jokatuko dute Euskotren Ligako ontziek, Bizkaiko kostaldean. Igandean, berriz, Gipuzkoako kostaldera joango dira, Emakumeen Balfego Bandera jokatuko baitute Hondarribian.

Erostarbek argi du zein den datozen estropadetarako helburua: «Lehen luzean Arraun Lagunakek ez dezala alde handia lortu; haiengandik ahalik eta gertuen egon behar gara. Bigarren luzean, berriz, olatuak ondo hartu beharko ditugu, eta orain arte bezala arraun egin. Dena ondo egin beharko dugu, bandera irabazteko aukerak izateko». Igandean ikusitakoarekin «oso gustura» dago, eta badu estropada bat irabazteko esperantza.

Hala ere, entrenatzaileak aitortu du «taldeko arraunlari gehienak berriak izatea eragin handia» izaten ari dela. «Lan handiak izaten ditugu estropadetako egoera guztietan talde bezala funtzionatzeko. Entrenatzen jarraituko dugu, batez ere datozen estropadetan Arraun Lagunakengandik gertuago egoteko, edo zergatik ez, aurre hartzeko».

Prozedura zabalik, Donostiako estropadan gertatutakoagatik

Traineru Kluben Elkarteko (TKE) diziplina epaileak prozedura hasi zuen astelehenean Euskotren Ligako sei kluben aurka, beren kabuz uztailaren 25ean Donostian jokatzekoa zen ligako estropadan ez parte hartzea erabakitzegatik. Argitu nahi du arau hauste larria izan ote den, eta erabakiari buruz egin zituzten adierazpenek kalte egin ote dieten elkartearen «interesei eta irudiari». Honakoak dira klubak: Astillero, Arraun Lagunak, Hibaika, Orio, Tolosaldea, eta Zumaia—Donostiarra eta San Juan salbu, beste guztiak—. Klubek ostiralera bitarte dute alegazioak eta frogak aurkezteko. Horietatik Orio soilik da TKEko kide.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!