Aurten, 87. aldiz ari dira egiten Donostiako Musika Hamabostaldia, eta jaialdiko musika-proposamen berritzaile eta ausartenetako batzuk gaur egungo eta azken urteotako sorkuntzan oinarritutako errepertorioarekin batera biltzen dituen Musika Garaikideko Zikloan bada nabarmendu beharreko une bat: Jon Esnaola musikagile tolosarraren Zurrumurru obra estreinatuko dute.
Zikloak helburu du lehen mailako taldeen eskutik, Euskal Herriko zein nazioarteko konposizioaren azken joeretako batzuk publikoari aurkeztea. Bada, abuztuaren 10ean, SIGMA Project saxofoi-laukoteak Amerikaren 250. urteurrena kontzertua egingo du Tabakaleran, eta emanaldi horretan interpretatuko du Esnaolaren obra. 20:00etan izango da kontzertua, eta sarrerak salgai daude Musika Hamabostaldiaren webgunean, 15 euroan.
Esnaolak ez du Musika Hamabostaldian zuzenean parte hartuko, baina badira jaialdiko zenbait kontzertutan arituko diren eskualdeko musikariak. Iñar Sastre piano-jotzaile irurarrak, esaterako, Musika Hamabostaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak sustatutako Tabakalera Dantzan zikloaren zazpigarren edizioko kontzertu batean parte hartuko du. Abuztuaren 11n, Ion Munduate eta Blanca Calvo dantzariek Hafuura lana aurkeztuko dute, eta Sastrek pianoa joko du emanaldi horretan. 19:30ean izango da saioa Tabakaleran, eta sarrerak salgai daude Musika Hamabostaldiaren webgunean, 15 euroan.
Bestetik, Interprete Gazteen Zikloaren barruan, Hodei eta Izaro Yañez ibartarrek Ainhoa Izagirre gasteiztarrarekin batera osatzen duten Hirusta hirukoteak abuztuaren 18an egingo du kontzertua Miramar Jauregian. Izarok pianoa jotzen du, Hodei baritonoa da eta Izagirre sopranoa, eta hilaren 18ko saioan Mozart, Bellini, Donizetti, Bizet, Schumann, Guridi, Sorozabal eta musikagile gehiagoren lanak interpretatuko dituzte. Sarrerak salgai daude Musika Hamabostaldiaren webgunean, 10 euroan.
Musika Hamabostaldiaren baitan antolatutako kontzertu guztiak, ordea, ez dira Donostian izaten, eta aurtengo edizioan bada eskualdean egingo duten kontzertu bat. Hain justu, Kultura Plazara 2026 Beste Plazak jaialdiaren barruan, eta Esnaolaren obra estreinatuko duten egun berean –abuztuak 10– Ignacio Arakistain organo-jotzaileak eta Hodeiertz Abesbatzak kontzertua egingo dute Tolosako Andre Maria elizan. Junkal Guerrerok zuzenduko du abesbatza, eta Gorritiren, Vierneren, Mocoroaren, Larrearen eta Guerreroren obrak abestuko dituzte. 20:00etan hasiko da kontzertua, eta sarrera doakoa da.
