Onditz Esnaola garaile, Itziarko XXI. Dantza Txapelketan

Esnaola eta Granado, Arantza Egaña Itziarko auzo-udaleko alkatearekin. GIPUZKOAKO EDB

Atzo jokatu zen txapelketa Debako auzoko jaien barruan, eta lizartzarrak Gorka Granadorekin osatu zuen bikotea; Nora Davila zizurkildarra eta Julen Lertxundi asteasuarra hirugarren izan ziren.

Egunotan Kopraixak festak ari dira ospatzen Debako Itziar auzoan. Atzo, jaien barruan, Dantza Txapelketa jokatu zen; 21. aldiz egin zuten. Guztira, sei bikotek parte hartu zuten, eta tartean, eskualdeko lau dantzari izan ziren. Amane Uranga tolosarrak Ioritz Iriarte lesakarrarekin osatu zuen bikotea, Onditz Esnaola lizartzarrak Gorka Granado sopelarrarekin, eta Nora Davila zizurkildarra eta Julen Lertxundi asteasuarra elkarrekin aritu ziren.

Garaipenaren zati bat, kasu honetan, garaileen txapeletako bat Tolosaldera etorri zen. Izan ere, Esnaolak eta Granadok lortu zuten garaipena. Nora Aizpuru eta Iker Zabala azpeitiarrak izan ziren bigarren. Eta hirugarren saria oso-osorik itzuli zen Tolosaldera, Davila eta Lertxundi sailkatu baitziren hirugarren.

Esnaolak eta Granadok osatutako bikoteak aurten lortu duen bigarren garaipena da. Hernanin lortu zuten lehena, San Joan egunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!