Jokoan da aurtengo Donostiako Klasikoa; une honetan, azken kilometroetan murgilduta dago UCI World Tour mailako lasterketa. Bada, eguerdian, Tolosaldetik igaro da. Azpeitiatik Urrakiko gaina igo eta gero, 13:45 aldera sartu dira txirrindulariak eskualdean Bidania-Goiaztik, eta ordu laurden beranduago hasi dira Anoetan Alkizarako malda igotzen. Tartean, Tolosa gurutzatu dute.
Alkizako gaina hirugarren mailako mendate izendatu dute, eta puntuagarria izan da mendiko sailkapenerako. Hara iristeko, Anoeta atzean utzi, eta malda gogorra igotzeari ekin diote txirrindulariek. Zortzikote bat igaro da lasterketa buruan; atzetik, ia hiru minutura, tropela pasatu da. Remco Evenepoel, Frantziako Tourrean bigarren izan den eta gaurko lasterketa irabazteko faboritoetako bat den txirrindulari belgikarra, tropela baino beranduago hasi da mendatea igotzen, taldekide bat aldamenean zuela. Behin Alkiza igarota, Zizurkildik eta Adunatik igaro dira txirrindulariak, Aiztondo bailara atzean utzi eta Andoainen sartu aurretik.
25 taldetako 175 txirrindularik abiatu dute lasterketan, eta horien artean bi Tolosaldekoak izan dira: Kern Pharma taldeko Unai Iribar ibartarra eta Caja Rural Seguros RGA taldeko Gorka Sorarrain tolosarra.