Naroa del Rio eta Aner Lasa garaile, Gazte Mailako Errenteriako 58. Dantza Txapelketan

Del Rio eta Lasa, uztailaren 1ean, Irunen Bidasoako 34. Dantza Solte Txapelketa irabazi ondoren, txapel, zapi eta garaikurrekin. Argazkia: Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra.

Tolosarrak eta zizurkildarrak lortu zuten garaipena joan den ostiralean jokatu zen txapelketan. June Aguado billabonatarra bigarren izan zen; Ibai Izagirre segurarrarekin osatu zuen bikotea.

Joan den ostiralean, Santiago bezperan, Gazte Mailako 58. Dantza Txapelketa jokatu zen Errenterian. Sei bikotek parte hartu zuten, eta horietako bat eskualdeko bi dantzarik osatu zuten: Naroa del Rio tolosarrak eta Aner Lasa zizurkildarrak. June Aguado billabonatarrak ere parte hartu zuen, Ibai Izagirre segurarrarekin bikotea osatuta. Bada, lehen bi postuetan sailkatu ziren bi bikote horiek. Tolosarra eta zizurkildarra txapeldun izan ziren; billabonatarra eta segurarra, berriz, txapeldunorde.

Gipuzkoako txapelketak

Egun berean, maila nagusiko Gipuzkoako 76. Dantza Txapelketa. 10 bikotek parte hartu zuten, eta horietatik bi Tolosaldeko dantzariz osatutakoak izan ziren: Amane Uranga tolosarrak eta Onditz Esnaola lizartzarrak osatu zuten bikoteetako bat; beste bat, berriz, Nora Davila zizurkildarrak eta Julen Lertxundi asteasuarrak. Bada, azken bikote hau laugarren postuan sailkatu zen. Ane Jaunarena eta Endika Osa lezoarrek lortu zuten garaipena.

Gazteen mailako Gipuzkoako Txapelketa, berriz, ekainaren 6an izan zen Trintxerpen; 70. aldiz jokatu zen eta zortzi bikotek parte hartu zuten. June Aguado billabonatarra eta Ibai Izagirre segurarra hirugarren izan ziren. Naroa del Rio tolosarra eta Aner Lasa zizurkildarra bigarren izan ziren. Elene Astiazaran eta Oier Arriaran azpeitiarrek jantzi zituzten txapelak.

Udako beste txapelketak

Uda hasi zenetik, Gipuzkoako lau herritan jokatu dira txapelketak: Hernanin, Irunen, Zumarragan eta Hondarribian. Hernanikoa San Joan egunean izan zen, eta parte hartu zuten hamar bikoteen artean, Onditz Esnaola lizartzarrak eta Gorka Granado sopelarrak osatutakoa izan zen onena.

Uztailaren 1ean, berriz, Bidasoako 34. Dantza Txapelketa jokatu zen Irunen, bi mailatan: gazteak eta nagusiak. Gazteen mailan zazpi bikotek parte hartu zuten, eta Naroa del Rio tolosarra eta Aner Lasa zizurkildarra izan ziren txapeldunak; jantzi dotoreenen saria ere jaso zuten. June Aguado billabonatarra eta Ibai Izagirre segurarra bigarren izan ziren. Nagusien mailan hamar bikotek parte hartu zuten. Onditz Esnaola lizartzarra eta Gorka Granado sopelarra bigarren izan ziren; Nora Davila zizurkildarra eta Julen Lertxundi asteasuarra, berriz, hirugarren izan ziren, eta jantzi dotoreenen saria ere jaso zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!