Aurreko asteburuan Galizian jokatu ziren Euskotren Ligako estropadak, eta joan den astean, Ramon Erostarbe Tolosaldea Arraun Klubeko entrenatzaileak adierazi zuen Galiziako estropadak beti izaten zirela bereziak eta gorabeheratsuak. Bada, azken asteburua, are gorabeheratsuagoa izan da eskualdeko taldearentzat, baita gainerako traineruen klubentzat ere.
Larunbatean Donostian zen jokatzekoa X. Fabrika Bandera, Kontxako Badian. TKE Ligako batzorde teknikoak, ordea, bertan behera utzi zuen, «ontziak estropada eremura joan ez zirelako». Olatu ugari zeuden itsasoan eta haize handia zebilen. Hasiera batean, Traineruen Kluben Elkarteak adierazi zuen jokatu egingo zela. Ondoren, klubetako ordezkariek bilera egin zuten, eta, bertan zeudela, entrenatzaileekin batera erabaki zuten ez lehiatzea. «Ados geuden ezinezkoa zela baldintza horietan arraun egitea», esan du Erostarbek. Ordurako talde guztietako arraunlariak «nahiko urduri» zeudela gaineratu du.
TAKeko entrenatzaileak esan du batzorde teknikoak aukeren artean zuela erlojupekoa egitea. «Hala ere, arriskua handia zen. Nola edo hala egin nahi zuten estropada, baina itsasoan ez zegoen ontzirik, ezta Gurutze Gorriarena ere. Moilako arrapalatik ontzia itsasoratzea oso arriskutsua zen; beraz, pentsa zein zen egoera estropada eremuan. Garbi ikusi zen gizonezkoen estropadan; oso zaila zen ontzia kontrolatzea», azaldu du.
Estropada bertan behera geratuko zela zirudienean, San Juan eta Donostiarra taldeetako ontziak arrapalan geratu ziren, batzorde teknikoaren behin betiko erabakiaren zain. Bazirudien lehiatu egingo zirela, eta erlojuaren aurkakoa izango zela. San Juango arraunlariak itsas eremuan ere sartu ziren, baina bueltatu egin ziren. Ondoren, behin betikoz bertan behera geratu zen estropada.
Erostarbek azaldu du San Juaneko entrenatzailea ez zela aurrez aipatutako bileran egon, baina ordezkari bat bidali zuela klubak. «Guztiok ados geunden estropada bertan behera geratu behar zela, eta guztiok esan genuen ez ginela itsasora aterako. Gainera, elkartasuna adierazteko, traineru guztiak elkarrekin ateratzea pentsatu genuen. Etxerako bidea hartu genuenean, ordea, gure sorpresarako, San Juaneko trainerua uretaratzen ari zela esan ziguten. Ulertezina iruditu zitzaigun», azaldu du.
Igandean, ezin
Bestalde, igandean jokatu zen estropada, kasu honetan, Getxoko uretan. Getxoko Estropaden XVIII. Ikurriña - J. A. Agirre Lehendakariaren XXII. Omenaldia estropada izan zen, eta Tolosaldea bigarren izan zen. Arraun Lagunak talde donostiarra gailendu zen, eta hamahiru segundoko aldea atera zion Zerkausia ontziari.
Erostarbek nabarmendu du bigarren luzean zaildu zitzaiela estropada. «Lehen luze oso ona egin genuen. Ziabogatik oso ondo irten ginen, eta olatu baten gainean joan ondoren, donostiarrengandik bi segundora jarri ginen. Hala ere, prezipitatu egin ginen, eta handik aurrera ez genuen jakin olatuak hartzen eta arraun ondo egiten. Urduri jarri ziren neskak, eta pena handia izan zen».
Entrenatzaileak aitortu du urduritasuna eragina izaten ari dela ia estropada guztietan. «Entrenamenduetan gauzak ondo egiten ari gara, baina lan horrek ez ditu fruituak ematen asteburuetan. Gaizki egindakoetatik ikastea eta saiatzen jarraitzea egokitzen zaigu. Ezinbestekoa da guk dena ondo egitea, bestela ezinezkoa da Arraun Lagunak garaitzea».
Une honetan, Tolosaldeak hamalau puntura du Arraun Lagunak sailkapen nagusian, eta San Juan hirugarren sailkatuari bederatzi puntu ateratzen dizkio. Patroi onenaren sailkapenean, berriz, Tolosaldea Arraun Klubeko Nerea Perez tolosarrak jarraitzen du lehen postuan. Orain, sei puntuko aldea du bigarren postuan berdinduta dauden Nagore Osoro (Arraun Lagunak), Maider Etxaniz (Orio) eta Nicole Maroñorekiko (Donostiarra). Esteka honetan begiratu daitezke bi sailkapenak, baita orain arte jokatu diren estropadetakoak ere.
Asteburuan, Bizkaian
Datorren larunbatean, abuztuko lehen egunean, XV. Euskotren Bandera jokatuko dute Santurtzin. TAKeko entrenatzaileak aurreratu du «estropada berezia» izango dela; ezohikoa, behintzat, izango da, bi ziaboga eta hiru luze izango baititu. Estropada eremuaren egituratik haratago, Erostarbek iritzi du zorteak erabakiko duela estropada. «Loteria bat izango da, kale onena egokitzen zaionak irabaziko baitu. Edozein kale egokitzen zaigula ere, ahalik eta emaitza onena lortzen saiatuko gara».
Igandean, berriz, I. Ulysses Data For Science Banderaren txanda izango da Lekeition. Honakoa ohiko estropada izango da, eta Erostarbek adierazi duenez, kaleen artean «ez da horrenbesteko aldea egongo». Aste honetan etengabe ari da eguraldiari eta egokitu daitezkeen itsasoko baldintzei begira. «Igandean Getxon ondo egin genuen guztia hobeto egiten badugu, aukera handiagoa izango dugu garaipena lortzeko», esan du.