Eskualdeko Baikoko pilotariek lortu dituzte lehen puntuak Masters Caixabank Txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 23a

Iztueta, Jaka eta Artola, iaz Beotibarren jokatu zuten partida batean. ASIER IMAZ

Artolak eta Iztuetak A Seriean eta Jakak B Seriean euren partidak irabazi dituzte lehen jardunaldian, Altuna III.ak eta Gabirondok ez dute punturik lortu, eta Peña II.ak atseden hartu du.

Joan den asteburuan hasi zen 2026ko Masters Caixabank Pilota Txapelketa. Udako torneoekin batera jokatzen den lehiaketa da, eta Baiko Pilota eta Aspe enpresetako pilotari banarekin osatzen dituzte bikoteak. Iaz bezala, bi mailatan banatu dituzte pilotariak aurten, eta guztira zazpi bikote ari dira parte hartzen maila bakoitzean.

Tolosaldeko pilotariei dagokienez, A Seriean, Aspe enpresatik, Altuna III.a ari da parte hartzen, Imazekin bikotea osatuta. Baiko Pilotatik, berriz, Artola eta Iztueta, hurrenez hurren, Rezustarekin eta Zabalarekin bikotea osatuta. Joan den asteburuan jokatu zituzten lehen jardunaldiko partidak, eta Baikoko pilotariek lehen puntuak eskuratu zituzten. Artolak eta Rezustak 22-17 irabazi zieten Ezkurdiari eta Albisuri. Zabalaren ordez Peio Etxeberriak jokatu zuen, eta Iztuetarekin bikotea osatuta, partida bikaina jokatu zuten. 22-6 irabazi zieten Altuna III.ari eta Imazi.

Eskualdeko pilotariek larunbatean jokatuko dituzte bigarren jardunaldiko partidak. Altuna III-Imaz eta Artola-Rezusta bikoteek elkarren aurka jokatuko dute Elizondon; Zabalak eta Iztuetak, berriz, Ermuan jokatuko dute Ezkurdia-Albisu bikotearen aurka.

B Seriean eskualdeko hiru pilotari ari dira parte hartzen: Aspeko Gabirondo, Amianorekin bikotea osatuta, eta Baiko Pilotako Jaka (Eskuzarekin) eta Peña II.a (Lozarekin). Lehen jardunaldian, Peña II.ak eta Lozak atseden hartu zuten, eta Jakak bakarrik lortu zuen garaipena. Lizartzarrak eta Eskuzak 22-18 irabazi zieten Peio Etxeberriari eta Landari. Amianok eta Gabirondok, berriz, 10-22 galdu zuten Rekalde-Morgaetxeberria bikotearen aurka.

Bihar izango dira bigarren jardunaldiko neurketak; Amianok eta Gabirondok atseden hartuko dute jardunaldi honetan. Batetik, Peña II.ak eta Lozak Luzaideko Arretxe pilotalekuan jokatuko dute, Salaberria-Morgaetxeberria bikotearen aurka. Bestetik, Laudioko frontoian, Jaka-Eskuza eta Zubizarreta IV-Bikuña bikoteek neurtuko dituzte indarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!