Etzi izango da Ordiziako Klasikoa

Ordiziako Klasikoaren iazko edizioan, zenbait txirrindulari eskualdetik igarotzen. E. APALATEGI

Ohi moduan, eskualdetik igaroko dira txirrindulariak, eta Abaltzisketa, Alegia, Amezketa eta Ikaztegietako errepideak itxita egongo dira zenbait orduz; Gorka Sorarrain tolosarrak eta Unai Iribar ibartarrak parte hartuko dute.

Larunbatean, Santiago Egunean, izango da Euskal Herrian egiten den txirrindulari proba entzutetsuenetako bat: Ordiziako Klasikoa. 103. aldiz antolatu dute aurten. 10:00etan abiatuko da 132 txirrindulariko tropela Ordiziatik, eta ohi moduan, Tolosaldetik igaroko da. Iazko ibilbide bera izango du aurtengo lasterketak; beraz, txirrindulariak ez dira Altzora igoko. 5 itzuli emango dizkiote zirkuituari, eta itzuli bakoitzean Abaltzisketara eta Gaintzara igoko dira.

Tartean, Ikaztegietatik, Alegiatik, Amezketatik eta Abaltzisketako Larraitz auzotik igaroko dira. 10:10-10:25 artean igaroko dira lehen aldiz herri horietatik, eta gutxi gorabehera 45 minutuero pasatuko dira. Abaltzisketako gainetik eta Larraitz auzotik, berriz, 10:30 aldera igaroko dira lehen aldiz, eta ondoren, 45 minutuero, guztira bost aldiz pasatu arte. Ondorioz, trafikoan eragina izango du lasterketak. GI-2131 errepidea itxita egongo da Alegian eta Ikaztegietan, eta gauza bera gertatuko da GI-2133 errepidearekin Amezketan eta Abaltzisketan. Txirrindulariak puntu horietatik azken aldiz igarotakoan, berriro zabalduko dituzte errepideak.

Hemeretzi taldek parte hartuko dute, horietatik lau World Tour mailakoak. Gainerakoetatik zortzi ProTeam mailakoak dira, eta beste zazpiak Kontinental kategoriakoak. Izen aipagarrien artean daude UAEko Igor Arrieta –iaz garaile izan zen, eta aurtengo Italiako Giroan etapa bat irabazi du–, Jhonatan Narvaez –Italiako Giroan hiru etapa eta Suitzako Tourrean etapa bat irabazi ditu–, eta Antonio Morgado –iaz hirugarren izan zen eta aurten dagoeneko lau lasterketa irabazi ditu–, Jayco Alulako Alessandro Covi eta Anders Foldager, Movistarreko Jon Barrenetxea eta Astana taldeko Diego Ulissi eta Guillermo Silva. Faboritoengandik gertu egon nahiko duten eskualdeko bi txirrindularik ere parte hartuko dute: Gorka Sorarrain tolosarrak eta Unai Iribar ibartarrak, hurrenez hurren ProTeam mailako Caja Rural eta KernPharma taldeetakoak.

Ibilbidea eta ordutegia:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!