Tolosaldea Garatzenek kostu energetikoak murrizten laguntzeko zerbitzu berria jarri du martxan, Artico Ingurumenarekin elkarlanean. Zerbitzuaren bidez, eskualdeko enpresei lagundu nahi zaie, besteak beste, potentzia eta energiaren fakturako prezioak berrikusten, fakturetako kontzeptuak modu argian azaltzen eta benetako kontsumoak identifikatzen.
Gainera, zerbitzuak lanorduetako eta lanorduetatik kanpoko kontsumoen arteko konparaketa egiten lagunduko du, kontratatutako potentzia optimizatzeko aukera aztertzeko. Instalazioak eta ekipoak ikuskatzea, gastu elektrikoa kontrolatzea eta aurrezpen neurriak nahiz diru laguntzen eta finantzaketa aukeren azterketa egitea ere izango da zerbitzuaren egitekoa.
Enpresek, prozesuaren amaieran, txosten pertsonalizatua jasoko dute, doan, enpresaren egoerari buruzko ondorio eta gomendio zehatzekin.
Eskualdeko garapen agentziak, eskualdeko enpresekin lanean emandako urte hauetan guztietan, ikusi du lantegi askok behar baino gehiago ordaintzen dutela argindarraren fakturan. Enpresek behar baino gehiago gastatzen dute, kontratatutako baldintzak ez direlako egokienak, kontsumo pasiboak daudelako edo fakturaren xehetasunak behar bezala aztertu ez direlako.
Tolosaldea Garatzeneko arduradunen esanetan, «energia kostuak optimizatzea ez da soilik gastuak murrizteko modu bat; lehiakortasuna handitzeko eta baliabideak modu eraginkorragoan kudeatzeko aukera ere bada».