Kaleen zozketak ez du lagundu Galizian

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 21a

'Zerkausia' ontzia Bueuko estropadan. Argazkia: Aitor Arrizabalaga / ACT

Tolosaldea bigarren izan da bi estropadetan, Arraun Lagunaken atzetik jarraitzen du sailkapen nagusian, eta hirugarrenarekiko aldea handitu du. Lehen postutik ahalik eta gertuen egoteko helburuari eusten dio 'Zerkausia' ontziak.

Arraun denboraldiak Galiziako asteburua deiturikoa bizi izan du berriki. Larunbatean eta igandean aurtengo denboraldian Euskal Herritik kanpo egin dituzten hirugarren eta laugarren estropadak jokatu zituzten San Fausto de Chapelan (Bandera Ametsa Obras) eta Bueun (II Bandeira Feminina Concello de Bueu), hurrenez hurren. Urtero izaten dira bi estropada Galiziako uretan, biak ere asteburu berean. Asteburu luzea izan ohi da euskal taldeentzat, batez ere egin beharreko bidaiagatik.

Ramon Erostarbe Tolosaldea Arraun Klubeko entrenatzaileak adierazi du Galiziako estropaden asteburua «ezohikoa» izaten dela zenbait talderentzat, eta batzuek nabaritu dutela hori asteburuan. «Hutsegite txiki baten ondorioz, zenbait puntu galdu ditzakezu, eta atzera egin dezakezu sailkapen nagusian». Ez da hori Zerkausia ontziaren kasua izan, emaitza onak lortu baititu; bigarren izan da bi estropadetan, bietan Donostiako Arraun Lagunak taldearen atzetik, eta bigarren postuari eutsi dio sailkapen nagusian. «Kaleen zozketekin zorte handirik izan ez badugu ere, lehiakorrak izan gara eta bikain aritu gara arraunean».

Entrenatzaileak nabarmendu du larunbatean «estropada ikaragarria» egin zutela. Ziabogan Arraun Lagunak lehen sailkatuarekiko sei segundoko galera zuten eskualdeko arraunlariek. Amaieran, ordea, lau segundoko aldea atera zieten donostiarrek. «Haizea kontran izan genuen, eta hala ere, bost segundo baino gutxiagoko aldea atera ziguten. Hasieratik oso ondo atera ginen, nahiz eta kaleen zozketak asko baldintzatu, batez ere lehen luzerako», adierazi du Erostarbek. Bigarren luzean Tolosaldea izan zen azkarrena. «Une honetan ikaragarria da liderrari luze batean bi segundoko aldea ateratzea. Emaitza oso positiboa izan zen, eta arraunlariak oso pozik zeuden amaieran».

Igandean, berriz, itsasoa bare-bare zegoen, eta giharrekin arraun egitea eskatzen duten estropada horietako bat izan zen. «Laugarren kalean arraun egiteak ez gintuen asko lagundu. Hala ere estropada ona egin genuen, eta oso pozik gaude emaitzarekin», esan du entrenatzaileak. Ziabogan sei segundo ateratzen zizkion Arraun Lagunakek Tolosaldeari, eta helmugan zortzi segundora areagotu zuen aldea. «Arraun Lagunakek arraunlari gihartsuak ditu, eta itsasoa bare-bare dagoenean abantaila izaten dute. Hala ere, estropada ia denetan aurreko urteetan baino gertuago gaude haiengandik, eta borroka uste baino estuagoa izaten ari da».

Igandeko estropadan «azkarregi» irten zirela nabarmendu du Erostarbek. «Neskek gogo eta ilusio handia dute estropada bat irabazteko, eta, akaso, ohikoa baino erritmo altuagoa ezarri nahi izan zuten lehen metroetan. Ez zen beharrezkoa horrenbeste palada ematea», azaldu du entrenatzaileak. Ez du aitzakia modura erabili nahi, baina larunbatean bezala, kaleen zozketan «zorte txarra» izan zutela esan du. «Beste kale batean egokituz gero, akaso, gertuago egongo ginateke lehen postutik edo, behintzat, lan handiagoak emango genizkion Arraun Lagunaki».

Talde izaera egonkortuta

Larunbatean, ohiko taldea itsasoratu zuen Erostarbek; aurten gehien erabili dituen arraunlariak aritu ziren. Igandean, berriz, aldaketa bat egin zuen ontzi barruan; bi arraunlari postuz aldatu zituen. Entrenatzailea «oso kontentu» dago arraunlari guztiak ematen ari diren mailarekin. «Ez da batere samurra aldaketak egin eta arraunlari batzuk kanpoan utzi behar izatea. Orain, dagoeneko bigarren postuan indartuta dago taldea, eta ea aurrerago aldaketa gehiago egin eta arraunlari guztiei parte hartzeko aukera ematen diedan», esan du. Erostarbek gaineratu du asteburuko bidaia luzeak taldeko giroa are gehiago hobetzeko eta talde izaera egonkortzeko balio izan duela.

Estropadetan lehen postutik ahalik eta gertuen egoteko helburuari eutsi dio Tolosaldeak. «Bide berean jarraitu behar dugu, astean zehar gogor lan egiten, eta emaitza hobeak lortzen saiatzen. Eta banderarik lortzeko aukerarik ez badugu, lehen postutik ahalik eta gertuen geratzen saiatu behar gara», esan du entrenatzaileak.

Zerkausia ontziko prestatzailearentzat aurtengo denboraldia «oso erregularra» izaten ari da. «Nork esango zigun abenduan, horrenbeste arraunlarik taldea utzi ondoren, bigarren postuan egongo ginenik? Sailkapenean ahalik eta gorenen egotea eta estropada gehienetan ohorezko txandan aritzea zen helburua, eta inork uste ez bazuen ere, lortzen ari gara». Une honetan, zortzi puntuko aldea ateratzen dio Tolosaldeak San Juan hirugarren sailkatuari, eta hamahiru puntura du Arraun Lagunak. «Alde polita da».

Euskotren Ligako sailkapena:
  1. Donostia Arraun Lagunak: 56 puntu.
  2. Tolosaldea Arraun Kluba: 43 p.
  3. San Juan CMO Valves: 35 p.
  4. Astillero: 30 p.
  5. Orio: 28 p.
  6. Hibaika: 27 p.
  7. Zumaia: 18 p.
  8. Donostiarra: 15 p.

Nerea Perez, patroi onena berriro

Bada, ordea, sailkapen bat eskualdeko taldea buruan dena, zehazki, Tolosako arraunlari bat: Nerea Perez. Zerkausia ontziko patroia Patroi Onenen Gertu Eraikuntzak Sailkapeneko lehen postuan dago. Galiziako estropaden aurretik bigarren postuan zen Perez, lehen sailkatuarengandik puntu bakarrera, baina larunbatean patroi onena izan zen, zortzi puntu lortu zituen. Igandean bigarren onena izan zen, eta zazpi puntu gehiago poltsikoratu zituen. Une honetan sailkapeneko buru da, eta zortzi puntu ateratzen dizkio bigarren sailkatuari, Orioko Maider Etxanizi. «Berri oso pozgarria da, eta egiten ari garen lanaren isla ere bada», esan du Erostarbek.

Nerea Perez San Fausto de Chapelako estropadaren ondoren, patroi onenaren elastikoarekin. Argazkia: Aitor Arrizabalaga / ACT

Datozen estropadak etxetik gertuago izango dira. Larunbatean, X. Fabrika Bandera jokatuko da Donostian, Kontxako Badian. Igandean, berriz, Getxoko Estropaden XVIII. Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XXII. Omenaldia txanda izango da. Erostarbek egunak daramatza eguraldi iragarpenari begira, eta hala jarraituko duela aurreratu du. «Badakigu hemen oso aldakorra dela». Gainerakoan, ilusio handiarekin joango dira bi jardunaldietara, eta arestian esan bezala, ahalik eta emaitza onena lortzeko helburuarekin. «Ea zorte handiagoa izaten dugun kaleen zozketarekin. Hori bai, gero ezin dugu hutsik egin».

Patroi Onenaren Gertu Eraikuntzak Sailkapena:
  1. Nerea Perez (Tolosaldea): 37 puntu.
  2. Maider Etxaniz (Orio): 29 p.
  3. Nicole Maroño (Donostiarra): 28 p.
  4. Nagore Osoro (Arraun Lagunak): 24 p.
  5. Inder Paredes (San Juan): 18 p.
  6. Amane Jimenez (Zumaia): 18 p.
  7. Inge Ugarte (Hibaika): 15 p.
  8. Lara Fernandez (Astillero): 15 p.
  9. Laida Valderrama (San Juan): 12 p.
  10. Paola Gonzalez (Astillero): 10 p.
  11. Amaia Eguren (Arraun Lagunak): 10 p.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!