Baiko Pilota eta Aspe enpresek jokalari gipuzkoarren aldeko apustua egin dute Donostia Hiria Torneoan; tartean, eskualdeko bost pilotari aukeratu dituzte bikoteak osatzeko. Abuztuaren 11n hasiko da txapelketa, eta 14an jokatuko dituzte finalak. Azken aldian txapelketetan egiten ari diren moduan, bi mailatan banatu dituzte bikoteak: A Seriea eta B Seriea. A Seriean, besteak beste Altuna III.a amezketarrak eta Peña II.a eta Iztueta tolosarrek jokatuko dute; B Seriean, berriz, Gabirondo gazteluarra eta Ugartemendia alkizarra izango dira eskualdeko pilotariak.
Abuztuaren 11n, Baiko Pilotako bikoteen arteko finalerdiak izango dira. A Seriekoan, Iztuetak Unai Lasorekin osatuko du bikotea; Peña II.ak, berriz, Mariezkurrena II.arekin. B Seriekoan, Ugartemendiak Amianorekin jokatuko du, Senar-Landa bikotearen aurka. Hiru egunetan hirugarren partida izango da Iztuetarentzat. Abuztuaren 9an Caixabank Masters Txapelketako partida jokatuko du Bastidan (Araba), eta 10ean Ezkaraiko (Errioxa) jaialdian jokatuko du, azken horretan ere Lasorekin.
Abuztuaren 12an, Aspe enpresako pilotarien txanda izango da Donostian. Lehen partidan, B Seriekoan, Muruarekin jokatuko du Gabirondok; Salaberria-Bikuña bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. A Serieko finalerdian, Rezustarekin osatuko du bikotea Altuna III.ak, eta nafar pilotariekin osatutako bikote bat izango dute aurkari: Ezkurdia-Zabaleta.
Finalerdietako irabazleek abuztuaren 14ko finaletan jokatuko dute elkarren aurka. Donostiako Atano III.a pilotalekuan izango dira partidak, eta jaialdietarako sarrerak salgai daude esteka honetan.