Bost estropada jokatu dira Euskotren Ligan, eta Tolosaldea sailkapen orokorreko bigarren postuan dago. Orain arte hiru bigarren postu eta bi bosgarren postu lortu ditu eskualdeko traineruak. Donostia Arraun Lagunak dago lehen postuan, 40 punturekin estropada guztiak irabazita. Ondoren Tolosaldeak 29 puntu ditu, eta nahiko gertu ditu San Juan 25 punturekin eta Orio 24 punturekin. Orain arteko balantzea «oso positiboa» dela esan du Ramon Erostarbe entrenatzaileak.
Asteburuan jokatutako bi estropadetan izandako sentsazioak guztiz kontrakoak izan dira. Larunbatean Castro-Urdialesen jokatu zen estropada, X. CaixaBank Bandera, eta hasieratik okertu zen Tolosaldearentzat. «Egin dugun estropada okerrena izan da. Hasieratik buru gabe joan ginen. Irteeran ontzia boteak egiten hasi zen lehen hiru paladetan, eta minutu erdiko lanean dagoeneko zazpi segundo ateratzen zizkiguten», esan du Erostarbek. «Horrek estropada guztiko planteamendua hankaz gora jarri zigun, eta oso sentsazio txarrak izan genituen, nahi bezala arraun egin gabe».
Bosgarren postuan geratu ziren estropadan, eta bukaeran pixka bat salbatu zela gaineratu du: «Bukaera aldera buruarekin hobeto aritu ziren, baina ezin izan zuten dakiten bezala arraun egin». Baldintzak ez ziren onenak izan: «Tokatu zitzaigun kalea ez zen onena izan, hasi bezain pronto olatua lehertu egiten zen, eta besteek kale hobea zuten ateratzeko. Lehen paladetan branka asko altxatu zen, eta hor irteera guztia galtzen duzu».
Igandeko estropadan sentsazio onak berreskuratu zituzten arraunlariek. Orion jokatu zen estropada, Orioko XXVII. Emakumezkoen Estropada – Orio Kanpina XIV. Bandera, eta bigarren postua lortu zuen Tolosaldeak. «Lehen txandan atera ginen, eta hor haize gehiago izan zen. Joaterakoan alde izan genuen, baina itzulerakoan kalterako izan zen», esan du entrenatzaileak. Hirugarren kalea tokatu zitzaien, eta denek lehen kale aldera egin zuten amaitzeko. «Estropada oso ona egin zuten, beraiek bakarrik, arraun oso ondo egin zuten. Pena da Donostia Arraun Lagunak taldeak bost segundo kendu zizkigula».
Ligako lehen bost estropada eta gero bigarren postuan egotea asko baloratzen du Erostarbek: «Aurreko bi denboraldietan ez geunden bigarren garai honetan. Blokea askoz gehiago hartzen ari gara, entrenamendu hobeak egiten ari gara, eta espero dugu maila igotzen joatea».
Denboraldi hasieran ohorezko txandan egotea zen helburua, ikusita zer-nolako aldaketa izan den taldean, hainbat arraunlarik utzi baitzuten taldea. «Liga nola hasi den ikusita, gure helburua iazko bigarren postua berdintzea da. Gu saiatuko gara beti hor aurrean egoten, eta banderaren bat irabazten». Ligako bigarren posturako lehia horretan San Juan eta Orio izango dituzte aurkari nagusiak.