120.000 euro jasoko ditu Tolosaldea Garatzenek energia-eredua sendotzeko

Jose Ignacio Asensio diputatua eta Andu Martinez de Rituerto Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 2026 eta 2027 urteetarako eman du diru laguntza.

Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Gipuzkoako hamar garapen-agentzietako ordezkariek hitzarmen bat sinatu dute gaur Jasangarritasun Energetikoaren eta Klima Aldaketaren aurkako Borrokaren Estrategia indartzeko; eskualdeko plangintza eta ekintza-sare baten bidez, udalerriek laguntza teknikoa eta tresna espezializatuak izan ditzaten energia berriztagarrien ezarpenean; aurrezpenean eta efizientzia energetikoan aurrera egiteko; eta pobrezia energetikoa prebenitzeko eta zuzentzeko. Garapen agentzia horiek Gipuzkoako 89 udalerrietatik 88 ordezkatzen dituzte, eta tartean da Tolosaldea Garatzen agentzia.
 
Edizio honetako berrikuntza nagusia da hitzarmenak bi urteko indarraldia izango duela, «horrela garapen agentziei egonkortasun handiagoa ematen zaie, energiaren arloko proiektu estrategikoak planifikatu eta garatzeko». Agentzia bakoitzak 120.000 euroko ekarpena jasoko du, urtean 60.000 eurokoa, hau da, 1,2 milioi euroko inbertsioa.

«Hitzarmen horiekin egonkortasuna ematen diogu eskualdeen energia-plangintzari, eta hurbiltasunean, erakundeen arteko lankidetzan eta pertsonekiko konpromisoan oinarritutako trantsizio energetikoko eredu bat indartzen dugu. Trantsizio energetikoa lurraldetik eraikitzen da, tokiko errealitate bakoitzera egokitutako irtenbideekin», esan du Asensiok.

Lan ildo komunak
Hamar agentziek hainbat lan ildo komun partekatuko dituzte, eskualde bakoitzean energia-erreferente gisa duten zeregina sendotzeko. Horien artean, honako hauek nabarmendu dituzte: udalekin elkarrizketa teknikoa izatea, eskualdeko energia-plangintza bultzatzea, Energiaren Eskualdeko Mahaiak dinamizatzea eta Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Gipuzkoako Lurralde Mahaian integratzea. «Gobernantza eredu horrek administrazioen arteko jarduera koordinatua errazten du, ezagutza trukatzea errazten du eta lurralde bakoitzaren beharretara egokitutako erantzunak eskaintzea ahalbidetzen du».

Jarduera komun horiekin batera, eskualde bakoitzak bere errealitatera egokitutako proiektu zehatzak garatuko ditu. Tolosaldeak energia-efizientziako, mugikortasun jasangarriko, energia berriztagarrietako eta herritarren sentsibilizazioko jarduerak bultzatzen jarraituko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!