Martxan da 2026ko Udako Argazki Lehiaketa

ATARIAk antolatzen duen urteroko Udako Argazki Lehiaketa abian da. Eskualdeko herritarrek, irailaren 13a baino lehen bidali beharko dituzte udan zehar ateratako irudiak; irailaren 14an hasiko da bozketa, eta irailaren 25ean jakinaraziko ditugu saridunak.

Udako Argazki Lehiaketa jarri du martxan beste behin ATARIAk. Gaurtik hasi, eta irailaren 13ra bitarte, nahi adina argazki bidali ditzakete herritarrek, betiere, Tolosaldean bizi badira edo eskualdearekin lotura badute. Gainera, irudia bidaltzen duena izan beharko da argazkiaren jabea, eta beste inon argitaratu gabea izan beharko da. Argazkiak Ataria.eus webgunean dagoen aplikazioaren bidez bidali behar dira eta lehiaketarako sortutako argazki galerian egongo dira ikusgai.

Behin argazkiak jaso ondoren, irailaren 14an hasiko da bozketa eta irailaren 23ra bitarte egongo da botoa emateko aukera. Argazki irabazleak irailaren 25ean jakinaraziko ditugu, Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean.

Parte hartzaileek sari bikainak irabazi ahalko dituzte. Hiru partaide izango dira zorionekoak:

Epaimahaiaren saria jasotzen duenak Hika by Roberto Ruiz jatetxean bi pertsonarentzat Izarmendi menua irabazteko  aukera izango du; Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria lortzen duenak Villabonako Eizmendi Anaiak kirol dendan 70 euroko erosketa bonua irabaziko du; eta azkenik, parte hartzen duten Atarikideen artean ATARIAko material sorta bat zozkatuko da. 

Parte hartzaileek kontuan hartzeko informazio gehiago

Webgunean ez ezik, Ataria-ko artxiboan ere gordeko dira irudiak, eta antolatzaileak beretzat gordeko du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Lehiaketa honetako parte-hartzaileak, bidalitako lanen jabe den neurrian, lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen utziko dio Ataria-ri, euskarri inprimatuan edo interneten, betiere, egilearen izena adieraziz.

Bestetik, bidali beharreko irudiek hainbat ezaugarri bete beharko dituzte, hala nola, 30x20 zentimetroko gutxieneko tamaina, koloretan zein zuri-beltzean izateko aukera, kalitate aldetik, gutxieneko bereizpena, eta 2025ko udako argazkiak izatea. Argazkiarekin batera, egile bakoitzak bere izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa adierazi beharko ditu; Atarikidea izanez gero, izenarekin batera jarri beharko du bere harpide zenbakia.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!