Gipuzkoako Ohiko Sega Txapelketa jokoan igandean

Ataria 2026ko uztailaren 11

Mikel Lizartza, Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketan.

Asteasuko Bulano baserriaren larreetan izango da lehia, eta Mikel Lizartza, Oier Urkola eta Julen Gabirondo segalariek parte hartuko dute.

Gipuzkoako Ohiko Sega Txapelketa izango da jokoan bihar Asteasuko Bulano baserriko larreetan. Bertan parte hartuko dute Mikel Lizartza tolosarrak, Oier Urkola anoetarrak eta Julen Gabirondo urnietarrak. 12:00etan hasiko da saioa.

Ohiko segako lehia ordu beteko lanean ahalik eta belar kilo gehien moztean datza. Segalaria hasi eta 10. minutura bere taldea belarra biltzen hasten da: sare batzuetan biltzen dute eta pisatzen doaz sailetik sailera. Denbora bukatzen denean biltzaileei beste 10 minutu ematen zaizkie lana bukatzeko. Behin bilketa amaituta, sareen pisuen batura egiten da eta belar kilo gehien moztu dituena da irabazlea.

Faborito nagusia Gabirondo da, Gipuzkoako Txapelketan zein Euskadiko Txapelketan txapela mordoa baitauzka, baina Lizartza beti kontuan izan behar da. Urkola ere lan polit bat egiteko asmoz joango da txapelketara.

Sega Gazte egitasmoa

Asteburuan segaren inguruko ekitaldi gehiago ere izango dira. Gipuzkoako federazioak bultzatutako Sega Gazte egitasmoaren laugarren eta bosgarren saioak egingo dituzte Bulanoko larreetan. Bertan Gazteluko zortzi segalari gazte ariko dira. Ostegunean belardia prestatzera joan ziren, eta bertan saio teoriko-praktikoa izan zuten segalariek. Besteak beste, sailak nola neurtu, mozterako momentuan zer hartu kontuan, ohiko segaren nondik norakoak ikasi zituzten.

Gaur, berriz, bigarren jardunaldia izango dute, ekainaren 14an Goierrin egindako lehen saioaren ondoren. 35 metro koadroko bi sail moztuko dituzte segalariek. Lortutako denborak aurreko saioko denborei batuko zaizkie, eta denbora gutxien egiten duena izango da irabazlea. «Azkartasuneko segako arautegia izango dute, baina modu pedagogiko batean izango da, momenturo azalpenak eta aholkuak emango baitzaizkie», azaldu du federazioak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!