Turismo adimentsuaren aldeko urrats berriak

Ataria 2026ko uztailaren 13a

Digitalizazio planaren barruan, Tolosaldea.eus webgunea berritu dute eta 28 turismo-mapa sortu dituzte. Irisgarritasuna hobetzeko neurriak ere ezarri dituzte, bisita gidatuetan irrati-gidak eta gurpildun aulkia erabilgarri jarriz.

Tolosaldeko digitalizazio eta turismo adimentsuaren planaren barruan, berrikuntzak egin dituzte Tolosaldea.eus webgunean, turismo-mapa interaktiboak sortu dituzte, eta turismo jasangarria sustatzeko online kanpaina diseinatu dute.

Webgune berrian hainbat berrikuntza txertatu dituzte. Dagoeneko martxan daude bisita gidatuak erosteko online denda eta bisitarien kontsultei erantzuteko chatbota. Horrez gain, Tolosaldeko gida interaktiboa ere eskuragarri dago webgunean.

Bestalde, 28 turismo-mapa diseinatu dituzte. Herri bakoitzaren fitxan deskargatu ahal izango dira, eta udalerri bakoitzeko interesgune nagusiak jasotzen dituzte horietan. Mapa horietako batzuk inprimatu ere egin dituzte, eta hainbat gunetan jarri: Larraitzeko ermitaren ondoko plazan; Alkizako hilerriko aparkalekuan; Amezketako San Bartolome elizaren alboan; Asteasuko kiroldegian; Berastegiko udaletxearen ondoan; Izaskungo ermitaren aldamenean; Larraulgo Ekomuseoaren sarreran; eta Tolosako turismo bulegoaren atarian.

Gainera, digitalizazio eta turismo adimentsuaren planaren barruan, marketin digitaleko estrategiak garatuko dituzte. Horretarako, webgunearen eta sare sozialen datuak aztertuko dituzte, eta emaitzen arabera egokituko dute webgunea eta diseinatuko dituzte publizitate kanpainak.

Gonbidatuta zaude da azkena diseinatu duten kanpaina, turismo jasangarria sustatzeko. Txangozaleak eta turistak sentsibilizatzea eta turismo arduratsua bultzatzea ditu helburu. Horretarako, sare sozialetan zabaltzeko bideoak eta irudiak sortu dituzte, eta turismo bulegoko pantailetan erakusteko grafikoak prestatu dituzte. Irudi horiek bulegoaren barruko pantailan eta kalera begira instalatu berri duten pantailan zabalduko dituzte.

Irisgarritasuna areagotu

Trantsizio digitala bermatzeko planaren barruan, irisgarritasuna hobetzeko hainbat neurri hartu dituzte. Aurrerantzean, bisitariek ez dute gidaria bozgorailu bidez entzungo. Horren ordez, parte hartzaile bakoitzari irrati-gida bana emango zaio, berrerabili daitezkeen entzungailuekin, bisita handik jarraitu ahal izateko.

Turismo arduradunen esanetan, irrati-gidek gidaria hobeto entzuteko aukera emango dute, eta, aldi berean, kalean sortzen den zarata murriztuko dute.

Horrez gain, bisita gidatuetako parte hartzaileen eskura gurpildun aulki bat ere jarriko dute, behar duenak erabili ahal izan dezan.

Lagundutako plana

Tolosaldeko digitalizazio eta turismo adimentsuaren plana Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren barruan dago, trantsizio digitalari dagokion ardatzean. Gainerako hiru ardatzak hauek dira: trantsizio berdea eta jasangarria, efizientzia energetikoaren hobekuntza eta lehiakortasuna.

Digitalizazio eta turismo adimentsuaren plana Europako Batasunaren NextGenerationEU funtsen bidez finantzatu dute, Euskadiko lurralde-planaren eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!